Pandemia garaian emozioak adierazteko postalak

Emozioak eta sentimenduak partekatzeko proiektu esperimentala

Inprimatu
Postalak


Donostiako Udalak, Donostia Lagunkoia eta Osasuna Sustatzeko Udal Zerbitzuaren bidez, Tabakalera, Emaus eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoarekin batera, 2020Postalak. Pandemia garaiko postalak, emozioetatik idatziak proiektua jarri du martxan. Proiektu esperimental bat da, emozioen kudeaketa kolektiboak eskaintzen duen potentzial eraldatzailea landu nahi duena.

Proiektu hau Donostia Lagunkoian parte hartzen duten pertsonek Covid19aren krisiak eragin dizkieten zirrarak partekatutako kezken ondorioz sortu da eta aipatutako erakundeen lankidetzari esker garatzen da.

Pertsona anonimoek egindako postalak dira, eta horietako bakoitzak Covid19 pandemia honetan bizi dituen sentimenduak, emozioak edo sentsazioak adierazten ditu. Horrela, espazio bat sortu nahi da narrazioak eta adierazpenak bateratzeko eta modu kolektiboan egiteko, sendatzaile eta eraldatzaileak izan daitezen, sentimenduak partekatzen dituzten pertsonen kate bat sortuz.

Proiektu honetan parte hartu nahi dutenek postal bat egin edo erosi beharko dute, bertan nahi dutena idatzi, marraztu edo adierazi, eta Tabakalerara bidali, 2020ko irailaren 15a baino lehen. Parte hartzen dutenek postal bat bidali eta beste bat jasoko dute, baina 2020Postalak ez da ohiko korrespondentzia.

Prozesu guztia www.2020postalak.eus webgunean dago azalduta eta postalak Instagrameko kontuan ere ikusi ahal izango dira.

Nola parte hartu

• Postalak anonimoak dira. Parte hartzen dutenek ez dute jakingo nori ari diren zuzentzen, ezta norena den jasotzen duten postala ere. Izena (abizenik gabe) eta adina jartzea baino ez zaie eskatuko, ondoren postala jasoko duenari testuinguru pixka bat emateko.

• Jasotako postal guztiak 2020Postalak taldearen eskuetatik pasatuko dira aurrena. Talde horrek etiketa bat jarriko dio postal bakoitzari, eta ohar, erreferentzia bat, esaldi edo hausnarketaren bat idatziko du han, irakurri duen postalak iradoki dionarekin lotuta.

• Postal guztiak www.2020postalak.eus web orrian jarriko dira. Hala, postala bidalita ekimen honetan parte hartzen duten pertsona guztiek hantxe ikusi ahal izango dituzte bai eta iradoki zaion esku-hartzea begiratu ere bai. Era berean, postalik bidali ez duten pertsonak inspiratzeko ere balio dezake ekimenak; izan ere, webean sartzen badira, pandemia garai honetan izaten ari diren zirrarei buruzko hausnarketa egiteko modua izango baitute haiek ere.

Bidalketa

Parte-hartzaileek postal anonimoa gutun-azal batean sartu beharko dute, eta bidalketan izena eta helbidea agertu beharko dira, ondoren beste parte-hartzaile baten postala jaso ahal izateko.

Bilketarako postontziak, abuztuaren 4tik aurrera, honako lekuetan egongo dira: Tabakalerako patioan, Liburutegi nagusian (Alderdi Eder Parkea, 1) eta Emausek Donostian dituen dendetan (Mundaiz kalea, 6 / Mendeurren plaza, 3)

Beatalde, posta arruntaz, Correos-en bitartez, ere bidali ahal izango dira. Zigilua jarri eta helbide honetara bidaliz: Medialab Tabakalera. Andre zigarrogileak plaza 1, 20012, Gipuzkoa.

Laguntzaileak

Ekimena zabaltzen eta garatzen laguntzen dutenak: Kutxa Kultur, Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofiziala, Udaleko Euskara Zerbitzua Oporretan Euskaraz programaren bidez, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofiziala, Donostia Kultura, Aptes eta Correos

2020/07/30-an argitaratua