Donostiako 487 gaztek euskarazko kultura digitala arnastu dute I. Xare Jardunaldian

Hiriburuko 7 ikastetxe ezberdinetatik hurbildu diren Batxilergo 1go mailako ikasleak izan dira protagonista

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Hiriburuko 7 ikastetxe ezberdinetatik hurbildu diren Batxilergo 1go mailako ikasleak izan dira protagonista UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean 3 gune ezberdin, 5 proiekturen aurkezpenak, 2 hitzaldi eta 8 lantegi praktiko barnebildu dituen egitasmoan.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotzia, eta Itziar Irigoien UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kanpo Harremanetarako eta Ikerkuntzako dekanordea hurbildu dira jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraitzeko.


JON INSAUSTI Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara Zinegotzia:
“Gazteak zirikatu nahi izan ditugu eta euren buruari begira jarri ditugu: nola ibiltzen dira mundu digitalean? ”
“Esparru digitalak baditu bere arriskuak, berezkoak, eta horien aurrean babesteko janzten ikasi behar dugu”


Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Xarek berak Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatearen (UPV/EHU) eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz antolatutako ekimenak euskararen erabilera sustatu nahi du IKTen alorrean eta, oro har, kultura digitalaren esparruan.

Durangotik eta Gasteiztik pasatu ostean (Iruñean ere urriaren 29an egin zuten, baina Sarean Euskaraz izenpean) Gipuzkoako hiriburua izan da Xare ekimenaren aurtengo azken geldialdia. Ikasleekin eta goizez aritzeko pentsatutako jardunaldia arrakasta borobila izan da.

Neska gazteak esparru digitalera erakartzeko ahaleginean, genero ikuspegiak pisu berezia izan du azken saio honetan, besteak beste, Olatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailearen ‘E-makumeak: ezinbestekoak teknologia bidezkoa izan dadin’ hitzaldiari esker.

Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Xarek berak bultzatutako Xare egitasmoaren helburu nagusia: besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere. Gaurko (abenduak 17) Donostiako hitzordua prestatzeko UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute gainera.

2019/12/17-an argitaratua