Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 2022-23 matrikulaziorako zozketa publikoa

Ekainaren 7an arratsaldeko 16.30etan matrikulazioaren hurrenkerarako zenbakiaren zozketa publikoa burutuko da Atotxa egoitzako Ekitaldi aretoan (S16) online ere jarraitu ahal izango dena

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hezkuntza eskaintza zabal eta anitza du, adin guztietako pertsonentzako aukerekin. Egun, Eskolan 2481 ikasle matrikulatuta daude 29 instrumentu, 3 dantza espezialite, eta guztira 80 irakasgaitan antolatzen diren 294 talde eta banaka zein taldekako instrumentu eskoletan.

Eskolaren jarduna ez da ikasgelara mugatzen, ikasleek kontzertuak, emanaldiak eta eskolaz kanpoko beste jarduera batzuen bitartez, hiriaren kultur bizitzan parte hartzen baitute.

Horregatik, aurten, AUSARTU! lelopean herritar guztiei deialdia luzatu nahi die Eskolak, musika eta dantza gizarteratzeko eta osasun fisikoa, emozionala eta kognitiboa hobetzeko tresna apartak direla azpimarratuz.

Norberak edo inguruneak ezarritako mugak gainditu, adin, gaitasun, ezagutza maila edo generoarekiko egokitasunagatik izan daitezkeen aurreiritziak alde batera utzi eta bakoitzaren nahi eta beharretara egokitzen den irakasgaia aukeratuta, musika eta dantzarekin gozatzeko aukera bikaina zabaltzen da.


Zozketa


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolan 2022-23 ikasturterako izen ematea maiatzaren 31ean amaitu zen, ekainaren 1ean izena emandakoen behin behienko zerrenda argitaratu zen eta izen ematearen egutegia jarraituz, bihar, ekainaren 7an, zozketa eta behin behineko plazen esleipenaren txanda izango da.

Izena eman duten pertsonen datuetan dauden akatsak zuzentzeko epea amaitu ondoren, maila, irakasgai eta espezialitate guztietarako zenbaki bakarra zozkatuko da ekitaldi publikoan. Zenbaki horrek eta segidan doazen hurrengoek erabakiko dute sartzeko ordena eta, hala badagokio, itxarote zerrendena.

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 2022-23 ikasturteko matrikulazioan sarrera ordena ezarriko duen zenbakia lortzeko zozketa publikoa ekainaren 7an, 16:30ean ospatuko da, Atotxako egoitzako Ekitaldi aretoan (s16). Ekitaldia publikoa izango da eta bertan jarraitu ahal izango da ala online, ondorengo helbidean, https://meet.google.com/xpv-osrf-wjf.

Ondoren, plaza lortu duten onartutako pertsonen behin-behineko zerrenda eta itxaron zerrendak kudeatu eta argitaratuko dira. Ekainak 13an aldiz behin betiko esleipenak argitaratuko dira (matrikulazio data eta orduarekin) eta ekainaren 14tik 17ra izena eman dutenentzat matrikulazio epea irekiko da. Azkenik ekainaren 22tik aurrera itxaron zerrendaren kudeaketa eta plaza hutsen eskaintza egingo da, izena emateko aukera berriro irekiz.

Eskolaren hezkuntza eskaintza osoaren kontsulta eta izena emateko prozesua Eskolako webgunean kontsulta daiteke.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/06/06-an argitaratua