Beldurrezko Zinemaren Asteko Gazteen Epaimahaian parte-hartzeko epea zabalik egongo da

Interesdunek Gazteriako webgunearen bidez izena eman dezakete irailaren 26tik aurrera

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Hamazazpigarren urtez jarraian, Donostia Gazteriak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean parte hartu eta Gazteen Epaimahaia eratuko du; 150 pertsonekin osaturiko taldeak film laburren irabazlea aukeratu eta 33. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria emango du. Interesatuek Gazteriako webgunearen bidez izena eman dezakete urriaren 14 bitarte.

Gazteen Epaimahaian parte hartzeko aukeratzen diren gazteak (150 pertsona) Victoria Eugenia Antzokian elkartuko dira urriaren 28an, arratsaldeko lauretan, aurkeztuko diren film laburrak ikusi eta baloratzeko. Emanaldiaren ondoren, epaimahaikide bakoitzak bere botoa eman beharko du, eta, emaitzaren arabera erabakiko da zeinek irabaziko duen “Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33.Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria”. Gainera, epaimahaiko bi pertsona hautatuko dira saria banatzeko.

18-30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta diren tokiak (150) baino eskari gehiago izanez gero, Donostian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna; beharrezkoa balitz, zozketa egingo litzateke. Zozketaren ondoren, hautatuek urriaren 28ko emanaldira etorriko direla baieztatu beharko dute; bestela, itxaron zerrendara joko da epaimahaia osatzeko.

Bestalde, epaimahaiko kide guztiek 33. Beldurrezko eta Fantasiazko Asteko zenbait emanaldietara joateko aukera izango dute. Emanaldiak komunikatuko dira urriaren 28ko saioan.

Izen ematea eta ezarritako epeak



Izena emateko Donostia Gazteriako webgunean (www.donostia.eus/gazteria) izena emateko fitxa bete.

Era berean, esteka horretan, zozketaren emaitzak ikusi ahal izango dira, eta hautatutako gazteek etorriko direla baieztatu ahal izango dute.

Ezarritako epeak, honako hauek dira:
  • Izen emate epea: 2022ko irailaren 26tik urriaren 14 bitartean (biak barne).
  • Zozketa eguna: 2022ko urriaren 19an.
  • Hautatuak izan diren pertsonek parte hartuko dutela baieztatzeko epe muga: 2022ko urriaren 24a.
  • Emanaldiaren eguna: Urriaren 28a, 16:00etatik aurrera, Victoria Eugenia Antzokian.

2022/09/22-an argitaratua