IGEari buruzko izapideak astelehenetik aurrera egin ahal izango dira
Urtarrilaren erdialdean kontrol informatiboa hasiko da, eta martxotik aurrera baimenik gabe sartzen diren ibilgailuei isunak ezarriko zaizkie
Donostiako Isuri Gutxiko Eremua bihar sartuko da indarrean, hura arautzen duen Ordenantza Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko argitarapenaren ondoren, eta hiru hilabetez luzatuko den egokitzapen eta informazio aldiari hasiera emango zaio.
Hori horrela, abenduaren 16tik, astelehenetik, aurrera, IGEra sartzeko zuzeneko baimenik ez duten pertsonek dagokion baimena izapidetu ahal izango dute, bai
IGEaren webgunean, bai Arroka plazako informazio-bulegoetan.
Urtarrilean jarriko dira martxan sarbideak kontrolatuko dituzten kamerak, eta urtarrilean eta otsailean araudia betetzen ez duten pertsona guztiek informazio-jakinarazpen bat jasoko dute, arau-hauste bat egin dutela jakin dezaten. Eta martxoan zehar, Ordenantza betetzen ez duten ibilgailuei isunak jartzen hasiko zaie, IGEaren lehen fasea erabat hasita egongo baita.
- Lehenengo fase horretan, 2025etik 2027ra bitartean, ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira eremura sartu, salbu eta baimen zuzena duten salbuespenezko kasuetan eta baimen puntuala, aldi baterakoa edo iraunkorra eskatu ahal izango den beste kasu batzuetan.
- 2028tik aurrera, bigarren fasean, ingurumen-etiketarik ez duten edo B etiketa duten ibilgailuak ezin izango dira IGEra sartu, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
Etiketarik gabeko ibilgailuen artean, inolako izapiderik egin beharrik gabe zuzeneko baimena izango dutenak honako hauek dira:
- IGEan erroldatuta dauden eta DGTn erroldatutako helbidea eremuari dagokion ibilgailuak (bigarren fasean ez dira baimenduko etiketarik gabeko ibilgailuak, 70 urtetik gorako egoiliarrentzat izan ezik),
- IGEan erroldatuta ez dauden baina salbuespenezko TAO araubideei lotutako baimena duten pertsonen ibilgailuak (mugikortasun murriztua eta jarduera ekonomikoak),
- DGTk historikotzat jotako ibilgailuak
- eta taxi edo gidaridun garraio-ibilgailuak (bigarren fasean ez da etiketarik gabeko ibilgailurik baimenduko taxien eta VTCen kasuan).
Gainerako kasuak
IGEaren webgunean kontsulta daitezke. Bertan, gainera, ibilgailu bakoitzaren ingurumen-bereizgarria ezagutu ahal izango da matrikula-zenbakiaren bidez. Azpimarratu behar da ez dela beharrezkoa izango bereizgarri hori ibilgailuan jartzea, hiriko sarreretan dauden kameren bidez egingo baita egiaztapena.
Informazio guneak
Udalak herritarrei informazioa eta arreta emateko hainbat bide jarri ditu martxan, hala nola herritarrek Isuri Gutxiko Eremuari buruz dituzten zalantzei erantzuteko bulego bat, telefono bidezko arreta eta tramiteak online egiteko webgune bat.
Arroka plazako 5. zenbakian dagoen bulegoak 4 arreta-postu ditu eta 6 hilabetez egongo da irekita, IGEari buruzko informazioa emateko eta behar diren izapideak aurrez aurre egin nahi dituzten pertsonei laguntzeko.
Erreferentzia-puntu hori astelehenetik ostiralera dago irekita, 9:00etatik 14:00etara (asteazkenetan ere 16:00etatik 18:00etara), eta, gainera, Udalinforekin harremanetan jartzeko ohiko zenbakiaren bidez telefono bidezko laguntza eskaintzen du (010 – 943481000, udalerritik kanpo).
Telefono bidezko arretaren kasuan, Udalak laguntza birtualeko sistema bat gaitu du bulegoak itxita edo linea guztiak okupatuta daudenean arreta emateko, etengabeko zerbitzua bermatzeko helburuarekin.
2024/12/13-an argitaratua