Martxoaren 8aren bueltan jarduera ugari antolatu dituzte elkarteek eta udal zerbitzuek

Udalaren kanpainak emakumeek historiari eta hiriari egin dieten ekarpena ikustaraztea du helburu aurten

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikapenerako egun garrantzitsua da, mendeetako historiaren sinboloa. Martxoaren 8an, duela mende bat baino gehiago beren lan-eskubideak aldarrikatzen ari zirela New Yorken erreta hil ziren ehungintzako langile talde baten feminizidioa oroitzen da.

Era berean, egun aproposa da benetako berdintasun eraginkorra lortzeko borrokatu diren eta borrokatzen diren emakume guztiak, garai guztietakoak, gogoan izateko.

Donostiako Udalaren aurtengo kanpainak, Hiria gara, historia gara! lelopean, emakumeek historiari eta hiriari egin dieten eta egiten dioten ekarpena ikustaraztea du helburu.

Hain zuzen, xede hori, besteak beste, jasota dago Donostiako Udaleko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planean, eta bertan planteatzen diren neurri eta proiektu askok hori erdietsi nahi dute.

Emakumeen eta gizonen berdintasun erreala lortzeko bidean, ezinbestekoa da emakumeek espazio publikoan presentzia edukitzea, eta egiten dutenaren aitortza publikoa edukitzea ere. Aldarrikapen eta aitortza hori ezinhobeto jaso du Concetta Probenza diseinatzaileak, eta iraganeko, oraineko eta etorkizuneko emakumeen indarra jaso du aurtengo kartelean.

Askotariko jarduerak, martxoaren 8aren bueltan


Azken urteetan bezalaxe, emakumeen elkarteek eta mugimendu feministako elkarteek, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak, Donostiako Haurtxokoek eta Gaztelekuek, eta Donostia Kulturak, antolatutako jarduera guztiak eskuorri batean bildu dira.

Berdintasun Sailak urteak daramatza autodefentsa feminista lantzen, eta lan ildo garrantzitsu bat bilakatu da. Sailak tailerrak antolatzen ditu urtero, eta, horietan, indarkeria matxistak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko lan egiten da. Donostiako Emakumeen Etxearen webgunean izena eman daiteke tailer horietan.

Gazteria Sailak, halaber, jarduerak antolatu ditu Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarean, dagozkion adin tarteetara egokituak. Jarduera guzti horiek hainbat helburu dituzte: emakumeen ekarpenak ezagutzea, erreferenteak diren emakumeak ikusgai egitea, eta bereizkeria kasuak identifikatzea.

Kultur etxeen sareak ere egitarau zabala osatu du aurten, emakumeen elkarteek eta auzoetako talde feministek lagunduta. Egitarauaren barnean, hitzaldiak, zine proiekzioak, musika kontzertuak, eta hainbat erakusketa jaso dira, eta bertako informazioa Donostiako Kulturaren webgunean ikus daiteke.

Jarduera guztiak, mapa batean jasota



Erlazionatutako dokumentuak

2022/03/04-an argitaratua