Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak iganderoko kontzertu denboraldi berria abiatu du
Kontzertuak Konstituzio plazan ospatuko dira, udaletxe zaharreko arkupeetan, igandero, 12:15ean hasita
Udazkena helduta, urtero legez,
Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak igandero eskaintzen duen kontzertu denboraldia abiatu du. Astero-astero, euskal txistularien tradiziozko doinuez osaturiko kontzertuak eskainiko ditu taldeak. Emanaldietan dantza, kantu, biribilketa edota kontzertu obrak entzuteko aukera eskainiko dute txistulariek; hiru zuloko euskal txirulak jo ditzakeen tankera askotariko musikak. Kontzertuak
Konstituzo plazan ospatuko dira, udaletxe zaharreko arkupeetan,
igandero, 12:15ean hasita.
Ikasturtean eskainiko dituzten kontzertuen eredu da lehenengo igandeko programa. Dantza doinu ugariz gain -Soka dantza, Orbelaren dantza, Kurrusko, Jose Anton, Pixkana edota Elosu fandango eta arin-arinak-, kalejira, balts edo hainbat kontzertu obra entzungo dira plazan -Ordoiztik Etxartera, Brokolo; Agustin, Xantin ta Juanjoxe, eta Abeslariena-. Horiez gain, atzerriko piezak ere oholtzaratuko ditu udaltaldeak; esaterako: Emma polka.
Donostiako Udalaren Txistulari Taldea, Euskal kulturak bere hiru zuloko instrumentuari atera dion, eta gaur egun ere ateratzen dion, etekina erakusteko erakunderik egokiena da zalantzarik gabe, seguruenez, baita Euskal Herriko garrantzitsuena ere. Juan Ignacio de Iztueta folkloristaren testigantzari esker, badakigu Donostiakoak kalitate handiko txistulariak izan direla XIX. mendeaz geroztik behinik behin.
Bere jardunen artean, hiria musikaz hornitzea dute txistulariek eta lan horretan ariko dira urritik abuztura bitartean igandero-igandero kontzertuak eskainiz Plaza Berrian, 12:15etatik aurrera.
2024/10/03-an argitaratua