Donostiak 34 milioi euro bideratu zituen 2022an gizarte politiketara

Artatutako familien kopurua azken urteetako handiena izan da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak 34.181.017 euro bideratu zituen iaz gizarte-politiketara, eta horrek esan nahi du Udalak azken urteotan egin duen inbertsiorik handiena izan dela.

Departamentuak bere urteko memorian jaso ohi dituen datuen aurrerapena aurkeztu du Aitziber San Román Gizarte Ekintzako zinegotziak. Hurrengo hilabeteetan txosten hori osorik aurkeztuko da, eta nabarmendu du "2022ko aurrekontua areagotu egin dela, neurri handi batean adineko pertsonen eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen premiak ere areagotu egin direlako".

Hiriko kolektibo eta familia zaurgarri guztiei arreta ematearen aldeko apustu irmoa duenez, Gizarte Ekintzaren aurrekontua 34,1 milioi eurora iritsi da, eta iazko zenbatekoa, azken 10 urteetako handiena, are gehiago handitu da.

Horrek esan nahi du 2022an, Donostian, biztanle bakoitzeko baliabide ekonomikoak honako hauek izan direla:
  • Adinekoak: 327,88 euro, 65 urtetik gorako donostiar bakoitzeko.
  • Adingabeak: 125,92 euro, 18 urtetik beherako donostiar bakoitzeko.
  • Gizarteratzea: 340,08 euro, bazterketa-egoeran edo -arriskuan dagoen donostiar bakoitzeko.

Artatutako familiak

2022an 17.316 bizikidetza-unitateri eman zaie arreta, hau da, bizikidetza-unitate guztien (79.248) % 21,85i. Hau da, hirian bizi diren bost familiatik batek gutxienez jaso zituen gizarte-zerbitzuak Udalaren eskutik. Horrek esan nahi du artatutako familien kopurua azken urteetako handiena izan dela, aurreko urtearen aldean % 8,71 areagotu baita zifra hori.

Eskaera berrien kopurua % 21,3 igo da aurreko urtearekin alderatuta. Hala, 2022an, Gizarte Zerbitzuek 4.493 familia-unitate berri artatu zituzten.

Urte berean, Udalak 22.214 gizarte-baliabide bideratu zituen guztira, aurreko urtean baino % 14,43 gehiago. Udalak, Euskal Gizarte Zerbitzuen Sistemara sartzeko ate gisa, donostiarren beharrei erantzuteko erabili zituen gizarte-baliabide horiek.

Herritarrek gehien eskatzen dituzten baliabideen artean daude mendekotasunarekin lotutako balorazioak (4.981 pertsona/bizikidetza-unitate) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (3.891 pertsona/bizikidetza-unitate). Zehazki, 2022an, 2,4 milioi euro bideratu dira GLLetara.

Adinekoak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak

Iaz artatutako pertsonen kopuruaren hazkundea, neurri handi batean, donostiarren zahartzearen ondorio izan zen. Izan ere, egoitza-plazetarako edo eguneko zentroetarako eskaeren kopurua % 30 areagotu da aurreko ekitaldiarekin alderatuta; adineko autonomoentzako ostatuetako plazen kopurua % 34,8 igo da, eta etxeko laguntzaren erabiltzaileena % 22,2. Gainera, Goizaldiak programa zabalduta, 2021ean baino 65 urtetik gorako 77 pertsona gehiagok baliatu dute zerbitzu hori, eta hori oso egokia da nahi ez den bakardadeari aurre egiteko.

Prebentzioa, haurrak eta familia

Haurtzaroaren eta familiaren esparruan, azken urteetako joerari jarraituz, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako arreta eta laguntza juridiko eta psikologikoa areagotzen jarraitzen du Gizarte Ekintzak. Emakumeei laguntzeko zerbitzu-kopuruak, ordea, % 42,3 egin du behera. Horren arrazoi nagusia da biktimen tipologia aldatu egin dela, babes-sare handiagoa baitute eta zerbitzu hori gutxiago eskatzen baitute. Bestalde, 2021. urtearekin alderatuta, indarkeria matxistaren biktima diren eta harrera-etxebizitzetan artatu diren emakumeen kopurua %80 areagotu da.

Adingabeekiko esku-hartzeari dagokionez, 2022az geroztik, babesgabetasun-egoeraren detekzio goiztiarrarekin lotutako izapide guztiak zenbatzen hasi da Gizarte Ekintzaren Zuzendaritza. Horrela, jarduketen kopurua nabarmen handitu da: 2021eko 334tik 2022ko 633ra.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/02/27-an argitaratua