Hasi dira MUBIL eraikitzeko lanak

Etorkizuneko mugikortasunerako erreferentziazko zentroaren obrek 14,2 milioi euroko aurrekontua dute

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko obrak Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean abiarazi dituzte gaur. Aurrekontua, guztira, 14,2 milioi eurokoa da eta obrek 15 hilabeteko iraupena izango dute. Horrela, “Europa mailan teknologikoki punta-puntakoa” den azpiegitura eraikitzeko lanak hasi dira, euskal industriaren eraldaketa bultzatu eta Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian kokatu nahi dituena.

Iazko otsailean Tolosan behin-behineko egoitza abian jarri ondoren, MUBIL erreferentziako zentroak beste urrats bat eman du lurraldean Mugikortasun Berriaren Polo bat sortzeko bidean. Polo horren lehen mugarria izango da, hain zuzen ere, Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroa Zubietan behin betiko kokatzea.

Eraikin horretan hiru teknologia laborategi egongo dira, etorkizuneko ibilgailuetarako funtsezko osagaiak testatzeko –energia biltegiratzea, Power Train eta Hidrogenozko erregai pila–. Horri esker, lurraldeak azpiegitura teknologiko “diferentziala eta oso aurreratua” izango du arlo horretan.

Etorkizuna Eraikizetik sortutako proiektua

Olanok gogorarazi du MUBIL, lurraldeko Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Poloa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan sortutako proiektu bat dela, eta Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen espezializazio adimenduneko RIS-3 estrategiaren barruan kokatzen dela. “Gipuzkoatik, ekonomia osatuko duten eta etorkizuneko lanpostuak sortuko dituzten sektoreak garatzen lagundu nahi dugu. Mugikortasun berriaren eremua da, zalantzarik gabe, lehentasunezko eremu horietako bat. Gipuzkoa eta gure herria kokatu nahi ditugu mugikortasun berriaren abangoardian, eta zentro hau eraldaketarako motor bihurtuko da mugikortasun jasangarriagoa, adimentsuagoa eta konektatuagoa lortzeko bidean”, baieztatu du.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, adierazi du MUBILen egoitza berriak "hiriak eta lurraldeak industria adimenduaren alde egiten dugun apustua" islatzen duela, baita industriaren etorkizuneko ibilbide orriaren parte izateko dugun borondatearen adierazle ere. Goiak azaldu duenez, Donostiako Udalak 27 milioi euro inbertitu ditu orain arte Eskuzaitzetako industrialdean. Mugikortasun Berriko poloa bertan egoteak erakusten du, alkatearen ustez, "hiriak jarduera industriala bere lurraldean egonkortzeko egiten duen apustua". Donostia "lurralde industrial baten" hiriburu da, Goiaren esanetan, eta zerbitzu aurreratuen bitartez hari babesa emateko funtzioa betetzen du, hirian errotuta dauden ikerlari eta goimailako langileen bitartez.

Punta-puntako instalazioak, Mugikortasun Berriko Poloa garatzeko

  • Guztira, MUBILen Eskuzaitzetako egoitzak ia 10.000 metro koadroko espazioa izango du.
  • Eraikin nagusiak 4.900 metro koadro izango ditu, lehenengo laborategiak –energia biltegiratzea– 2.200 metro koadro, eta bigarren eta hirugarren laborategiek –Power Train eta Hidrogenozko erregai pila– 2.500 metro koadro guztira.
  • Industrialde berean, MUBIL zentroaren egoitzaren inguruan, Aldundiak 38.326,6 metro koadroko partzela bat erosi dio Donostiako Udalari, mugikortasun berriaren garapenarekin lotutako enpresak jartzeko.

Espazio hori, beraz, Mugikortasun Berriko Poloa sortzera bideratuko da, mugikortasun jasangarriari lotutako proiektu berritzaileak eta jarduera ekonomiko berria erakartzeko lurraldera.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/07/08-an argitaratua