Donostiak Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatua izateko eskaera egin du

Eusko Jaurlaritzak eskaera onartu beharko du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak bidali duen dokumentuak hiru zati ditu:
  • justifikazio-memoria,
  • hiriko etxebizitzaren diagnostikoa
  • eta ezarri beharreko neurrien plan berezia.

Donostiako Etxegintzak egin du diagnostikoa eta udal talde guztiekin, higiezinen sektorearen profesional eta elkarteekin eta hainbat gizarte-eragilerekin partekatu du. Bertan, berresten du hiria Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatzeko beharra, izan ere, “udalerrian bizi diren biztanleentzat prezio eskuragarrian etxebizitza nahikoa ez izateko eta familia berriak sortzeko arrisku berezia dago”.

Hortaz, Donostiako alkateak honakoa adierazi du: “Justifikazio-memoriak eta diagnostikoak ondorioztatzen dute zailtasun handia dagoela hirian prezio eskuragarrian etxebizitza lortzeko, bereziki egoera zaurgarrian dauden kolektiboentzat. Horregatik, Donostiak eskatu du bere osotasunean Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatua izateko, legeak aurreikusten dituen neurriak ezartzeko eta aurkeztutako neurrien plan berezia onartzeko, hiru urtetan – hasierako epea – desoreka horiek zuzentzeko”.

Ondorioak


  • Ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea, igoerak ekiditeko.
  • Indarreko kontratuen iraupena: jabea txikia ala handia izan, maizterrek urtebeteko hiru luzapen eskatu ahal izango dute baldintza beretan.
  • Bost etxebizitza baino gutxiagoko jabeak:
    • dagoeneko alokairuan dauden etxebizitzetarako egiten diren kontratu berriak azken kontratuaren errentari mugatuak egongo dira, eta bakarrik %10eko igoera baimenduta egongo da 10 urte baino gehiago duten kontratuetarako edo baldin eta etxebizitzan birgaitzeak, energia eraginkorrean edota irisgarritasunean hobekuntzak egin badira.
    • azkeneko bost urtetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetarako egiten diren kontratuetan Erreferentzia Prezioen Indizeak ezarriko du alokairuaren prezioa, betiere etxebizitzaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta.
  • Bost etxebizitza baino gehiagoko jabeak: Etxebizitza aurretik alokatu izan ala ez, Erreferentzia Prezioen Indizeak ezarriko du alokairuaren zenbatekoa.

Etxebizitza plana

Nekane Arzallusek azaldu du, Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako dokumentazioak etxebizitza-plana duela, eta plan horrek lau ardatz estrategiko dituela:
  1. Alokairu eskuragarria sustatzea;
  2. eraikitako parkearen eta hiri-berroneratzearen gaineko jarduketak egitea;
  3. alokairurako prestazioen eta dirulaguntzen sistema ezartzea;
  4. eta gobernantza-sistemak eta erakundeen arteko koordinazioa indartzea

Nekane Arzallusek azpimarratu du, 2027 arte 1.900 etxebizitza berri egitea aurreikusita dagoela, eta horietatik %50 baino gehiago babes publiko mailaren bat izango dutela.

Erlazionatutako dokumentuak

2024/11/05-an argitaratua