Sebãstiao Salgado: Genesia erakusketa inauguratu da Donostian

Arteen Asturiasko Printzea Saridunak Zurriolan ikusgai jarritu ditu bere argazkiak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako alkateak, Eneko Goiak, Euskal Herriko eta Kantabriako CaixaBankeko lurralde zuzendariak, Juan Pedro Badiolak, eta Sebastião Salgadok Espainian duen ordezkariak, Miguel Gonzálezek, Sebastião Salgado. Genesia. Artea kalean erakusketa inauguratu dute gaur.

Artea kalean programaren bitartez, Donostia aire zabaleko museo bihurtu nahi du “la Caixa” Gizarte Ekintzak, jendeak eskura izan ditzan nazioarteko artista entzutetsuenen lanak. 2006an ekin zion bere bideari Artea kalean programak; harrezkero, gaur egungo artista handi askoren lanak ikusteko aukera izan du jendeak, hala nola Manolo Valdés eta Igor Mitorajenak, bai eta modernitatearen erreferente diren Auguste Rodin eta Henry Moorerenak ere. Erakusketen funtzio soziala nabarmena da.

Orain, “la Caixa” Gizarte Ekintzak, Donostiako Udalarekin elkarlanean, Genesia erakusketa aurkezten du, nahi duten guztiek Sebastião Salgado argazkilari brasildarraren lan zoragarriaz gozatzeko aukera izan dezaten. Hauxe du Salgadok auzi globalei eskainitako hirugarren proiektu handia. Oraingo honetan, berriz, naturan jarri du arreta: gaur egungo ohiturak zalantzan jarriz, gure bizimoduak planetako natura baliabideetan zer-nolako eragina duen itauntzea du helburu Genesia obrak.

Genesia: naturaren bikaintasunari eskainitako omenaldi paregabea



Genesia proiektuan bi motatako irudiak ikus daitezke: batetik, paisaia basatiak; eta, bestetik, antzinako tradizioen arabera bizi diren giza komunitateen erretratu intimoak. Salgadok planetako kokagune urrutikoenetako batzuk atzeman ditu kamerarekin, eta gizakiak kasik eraginik batere izan ez duen natura ingurune bat erakusten digu. Basamortu erraldoiak eta Antartikako lur izoztuak, oihan tropikal eta epelak, egundoko mendi puskak… Horien eta beste askoren irudi ezinago apartak deskubrituko ditu erakusketa bisitatzen duenak.

Argazkilariak berak honela esplikatzen du: «Nire aurreko proiektuak gizateriaren atsekabeetan barrena egindako bidaiak izan ziren. Oraingo hau, ordea, naturaren bikaintasunari egin nahi izan diodan omenaldia da. Oinez nindoala, edo itsasontziz, hegazkinez nahiz globoz, sumendi, iceberg, basamortu eta oihanak fotografiatu, eta milaka urtean batere aldatu ez den mundu bat ikusi nuen. Gainera, animalia asko aurkitu nituen beren habitat naturaletan bizi zirenak: pinguino, itsas lehoi eta baleak Antartikan eta Ozeano Atlantikoaren hegoaldean; lehoi, ñu eta elefanteak Afrikan. Etengabe errepikatzen zen bizitzaren ziklo horren testigu izatea pribilegio bat zela sentitu nuen».

Erakusketa zuri-beltz epiko batean ateratako 38 argazkiz osatua dago. Argazki bakoitza gizakion eta naturaren arteko koexistentziaren lekuko da, eta baita babestu beharreko mundu bati eskainitako oda bisuala ere.

Sebãstiao Salgado.
Genesia. Artea kalean

2017ko uztailaren 19tik abuztuaren 29ra

Zurriola pasealekua (Donostia)

Jendearentzako bisita gidatuak:
Larunbatetan, 18:00etan. Igandeetan, 12:00etan. Aurrez erreserba egin gabe
Beste erreserba batzuk: aldez aurretik 902 906 666 telefonora deituta

Irudi galeria

    2017/07/19-an argitaratua