Doako euskara ikastaroak langabe donostiarrentzat

Izen-emate epea zabalik irailaren 2tik 20ra

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte 2019ko udazkenean eta horietan parte hartzeko izen-emate epea irailaren 2tik 20ra arte egongo da zabalik.

Ikastaroak urriaren 10ean hasi eta abenduaren 5ean bukatuko dira eta asistentzia nahitaezkoa izango da. Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langabe donostiarrek eman ahalko dute izena.

Matrikulatzeko epea irailaren 2tik 20ra dago zabalik eta Donostiako edozein euskaltegi homologatutan eman daiteke izena. Nahikoa da langabezia egoeran egotea izen-ematea hasten den datarako, irailaren 2rako. Ikastaro hauek 120 ikastordu izango dituzte eta egunero hiru ordu emango dira; astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:45era (ordu laurdeneko atsedenarekin).


Ikastaro hauen helburua da, batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea: “behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu” adierazi du Jon Insaustik, Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak.

Iaz guztira 119 lagunek parte hartu zuten ikastaro hauetan eta ikasleen balorazioa positiboa izan da. Horietatik, %25ak, euskara ikasten jarraitzea erabaki zuten hiru hilabete horien ostean, “doako ikastaro horiek jaso eta gero, horietako ikasle batzuk euskara ikasten jarraitu zuten, motibatuta aritu diren eta euskara gaitasunean aurrera egin duten seinale” gaineratu du Jon Insaustik.

Informazio gehiagorako: www.donostiaeuskaraz.eus

2019/08/29-an argitaratua