Indarkeria matxista nerabezaroan 3. jardunaldia antolatu du Gazteria Sailak

Aurtengo jardunaldia LGTBIQ+ gazteen harrera eta ongizateari buruzkoa izango da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostia Gazteriak, Udaleko Berdintasun sailarekin batera, indarkeria matxista nerabezaroan lantzeko jardunaldia antolatu du hirugarren urtez. Aurten, LGTBIQ+ eta, batez ere, transexualitatearen gaia jorratuko da, indarkeria matxistaren argazki handi horren baitan, gay, lesbiana eta transexualek indarkeria berezitua jasaten baitute bizitzako hainbat esparrutan.

Zeinentzako?

Batik bat, nerabeekin lanean edo kontaktuan dauden eragileei zuzendua dago; izan ere, haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaileak eta baita berdintasun teknikari, gazteria teknikari, irakasle, hezitzaile eta beste hainbat profiletako eragileek gai honen inguruan ikasi, hausnartu eta estrategia komunak adosteko beharra dutela dio eguneroko praktikak.

Horrez gain, beharrezkoa da aztertzea eta ikustea ea hezkuntza sistemako hezkidetza planek edota udaletako gazteria eta berdintasun planek LGTBIQ+ politikarik jasotzen duten, eta hala izatekotan, nola egiten duten.

Non eta noiz?

Urriaren 23an Kontadores Gazte Zentroan 9:00etatik 14:00etara izango da.

Zein da egitaraua?

Jardunaldian honako hizlari hauek hartuko dute parte: Miguel Missé, Steilas Hezkuntzako langileen sindikatuko hainbat kide eta Kattalin Miner.
  • Solasaldi nagusia Miguel Missék (Bartzelona, 1986), soziologo eta trans aktibista ezagunak, emango du. Aholkulari eta hezitzaile independentea da politika publikoetan honako alor hauetan: sexu eta genero aniztasuna eta kultura trans anitz eta kritikoaren sustapena. Gainera, Universitat de Vic- Universitat Central de Catalunya-n sexu eta genero aniztasunaren ikasketen kanpo ikertzailea da. Missék bere hitzaldian “LGTB nerabeak” akronimoaren atzeko erronkei buruz hitz egingo du. Hau da, azken urteetan trans nerabeek protagonismo handia hartu dute hezkuntza guneetan, eta horrek erronka dakar ingurukoentzat; izan ere, beraiek laguntzeaz gain, hausnartu behar da sexu eta genero aniztasunak gizarte eraldaketarako eskaintzen duen heziketa aukeraren inguruan.
  • Steilas Hezkuntzako langileen sindikatuko kideek, pedagogia feminista oinarri hartuta, “Genero eta aniztasun sexualerako gidaliburua” aurkeztuko dute, eta horren inguruko lantegi praktiko bat antolatu da parte hartzaileentzat.
  • Kattalin Minerrek (Hernani, 1988), gipuzkoar kazetari, idazle eta ekintzaile feministak “MOIO gordetzea ezinezkoa zen” (Elkar, 2019) liburuaren aurkezpena egingo du. Suizidioa eta transexualitatea elkartu ziren Aimar Elosegi Ansa, “Moio”, bere lagun minaren heriotzean. Hainbat elkarrizketa egin ditu Minerrek eta erreportaje bizi, zintzo eta sakona eskaintzen du aurkeztuko duen liburuan.

Misséren hitzaldia gaztelaniaz izango da, eta beste guztia euskaraz.

Izen ematea

Sarrera doakoa den arren, izen ematea beharrezkoa da edukiera mugatua delako. Izena emateko epea urriaren 2tik 15era da eta honako esteka honetan sakatuz egingo da: www.labur.eus/indarkeriamatxistajardunaldia

Informazio gehiago

943481909 telefono zenbakian.

Egitarauaren pdf-a

2019/10/04-an argitaratua