Donostiako Udalak Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin bat egin zuen atzo

Alkateak, udal ordezkariekin batera, elkarteetako kideei harrera egin zien

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
1971ko apirilaren 8an Londresen egin zen Ijitoen/erromanien lehen Mundu Biltzarra eta bertan ofizialdu zituzten ijito herriaren bandera ofiziala (berdea eta urdina, gurdi baten gurpil gorria erdian duela) eta ereserkia, nazien biktimak izandako ijitoen oroimenez sortua.

Ospakizun honekin bat egiteko, Donostiako alkateak, Eneko Goiak, Udalbatzako ordezkariekin batera harrera egin zie atzo eguerdian udaletxean Agifugi, Cáritas, Kamelamos Adiquerar, Romi Bidean eta Fundación Secretariado Gitano elkarteetako kideei.

Ekitaldian adostutako adierazpena irakurri eta ‘djelem djelem’ ijito herriaren ereserkia abestu zuten gitarraren laguntzaz.

Eneko Goiak honako hau adierazi zuen: “bazterkeria defendatzen duten egungo zenbait jarrerek atzerakada itzela suposatzen dute. Gizarte berean denok gure tokia izan dezagun bizikidetza aldarrikatu nahi dugu; elkarrekin bizitzen, konpartitzen, elkarri ezagutzen, elkarrekin egoten eta espero dut etorkizunean ere elkarrekin egoten jarraitzea, orain bezala”.

Amaieran, udaleko eta elkarteetako ordezkariak nautikora abiatu ziren, bertan ‘Ibaiaren Zeremonia’ egiteko, lore-hostoak uretara bota eta kandelak piztu ziren arbasoen izenean, oroigarri gisa.

2019/04/09-an argitaratua