Udalak 106 plaza onartu ditu 2023ko LEPrako

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Harria parkeko estalkia, Jesús María Alkain plaza

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Donostiako Udalak 2023ko Lan Eskaintza Publikoa onartu du hainbat eremutako 106 plaza eskuratzeko. Eskaintza honen bidez, enplegua egonkortzeko eta erakundearen behin-behinekotasuna murrizteko ildoan jarraitu nahi da. Plaza horietatik 101 txanda irekikoak dira, hau da, Udaleko funtzionario izan gabe sartu ahal izango dira, eta 5 barne sustapenekoak, enplegatu publikoen ibilbide profesionala garatzeko.

Eskatzen diren titulazioak eta hizkuntza eskakizunak lanpostuaren berezitasunaren arabera aldatuko dira.

Eskainitako plaza guztien % 7, hau da, 7 plaza, desgaitasuna duten pertsonek betetzeko gorde dira, eta horietako bi ( % 2) adimen desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonek betetzeko. Une honetan, bi lanpostu betetzeko deialdia irekita dago, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat.

106 plazak eskuratzeko prozesuak deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira, eta izena emateak Udalaren webguneko enplegu atarian eta udaletxean bertan egin ahal izango dira.

Une honetan, Udalak 30 prozesu baino gehiago ditu martxan, horietatik 22 egonkortzekoak. Gainera, zabalik dago A2 azpitaldea egonkortzeko hainbat prozesutarako eskabideak aurkezteko epea. Prozesu horietarako izen emateak web orriaren bidez egin daitezke, 2023ko ekainaren 28ra arte.

2024. urtea amaitu aurretik, Udalak hainbat kategoriatako 59 egonkortze prozesu egiteko erronka du; guztira, 207 lanpostu egonkortuko dira.

Garrantzitsua da nabarmentzea hautaketa prozesua gainditu arren plazarik lortzen ez duten pertsonek ordezkapen zerrenda batean sartuko direla, hutsik geratzen diren postuak edo aldi baterako beharrak betetzeko. Lan poltsa horiek beste administrazio publiko batzuei ere utzi ohi zaizkie batzuetan, langileak behar dituztenean.

Horregatik, plaza horietara aurkeztea aukera paregabea da langile publiko gisa lan egin nahi dutenentzat, plaza lortu ez arren, Udalean edo beste administrazio publiko batzuetan lan egiteko aukera izan baitezakete etorkizunean. Kasu honetatik kanpo utzi behar dira lehiaketa bidezko egonkortze prozesuak, ez baitira lan poltsarik sortuko.

Harria parkearen estalkia


Tokiko Gobernu Batzarrak Altzako Harria parkean haurrentzako jokoen gaineko ehunezko estalkia egiteko proiektua onartu du, 277.460 euroko aurrekontuarekin.


Jesus Maria Alkain plaza


Tokiko Gobernu Batzarrak Jesus Maria Alkain plaza urbanizatzeko proiektuari dagozkion obrak kontratatzeko espedientea onartu du. Obrak egiteko aurrekontua 752.885 eurokoa da eta burutzeko epea 4 hilabetekoa.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/06/06-an argitaratua