Administrarien LEPean izena emateko epea ireki da

Eskaerak martxoaren 2tik 30era bitarte aurkeztu ahalko dira, eta tramitea Udalaren web orriaren bidez egitea gomendatzen da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Bihar, martxoak 2, hasiko da Donostiako Udaleko 63 administrari postu lehiaketa-oposizio bidez eta txanda librean lortzeko eskaerak aurkezteko epea. Hau martxoaren 30era arte egongo da irekia.

Parte hartzeko eskabideak honako edozein bidetatik aurkeztu ahal izango dira:
  • Elektronikoki: Hautaketa prozesuetan parte hartzea” formularioa betez, Udalaren web orriko “Izapideak” atalean. Horretarako, identifikatu egin behar da onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemaren baten bidez (ziurtagiri digitala, BakQ, etab.).
    B@kQ ziurtagiri digitala EAEko administrazioetako arreta-bulegoetan lor daiteke. Donostian, Udalinfok bere bulegoetan bertan ematen ditu ziurtagiri horiek, eta ezinbestekoa da aurretik hitzordua eskatzea. Hilabete honetan, Arrokako bulegoak ziurtagiri horiek emateko bakarrik erabiliko dira. B@kQ ziurtagiria Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arreta bulegoetan eta KZGuneetan ere ematen da.
  • Presentzialki: hitzordua eskatuta Udalinfoko hiru bulego hauetako batean: Easo kalea 41, Morlanseko biribilgunea 1 eta San Martzial plaza 4 (Altza).

COVID-19ak eragindako murrizketak direla eta, eskaerak elektronikoki aurkeztea gomendatzen da.

Baldintzak eta dokumentazioa


Lanpostu horiek eskuratzeko baldintzak "Lan eskaintzak” atalean aurkitu daitezke eta, besteak beste, euskararen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari buruzkoak dira. Eskaerarekin batera ez dira aurkeztu behar parte hartzeko baldintzak egiaztatzen dituzten egiaztagiriak; nahikoa izango da eskaera-ereduaren "Aitorpena" atala behar bezala betetzea. Era berean, merezimenduei buruzko agiriak ez dira aurkeztu behar; merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko epea aurrerago irekiko da, oposizio-fasea amaitu ondoren.

Deialdian txanda bakarra dago, eta bi sarbide-modalitate (orokorra -58 plaza- eta desgaitasunen bat dutenentzat gordetako kupoa -5 plaza-). Sarbide-modalitate baten bidez soilik parte hartu ahal izango da, eta eskabidean adierazi beharko da bi modalitate horietako zeinen bidez parte hartzen den.

Eskabidean adierazi beharko da hautaketa prozesuan parte hartzeko erabiliko den titulu akademikoaren izen osoa. Ez dira baliozkoak izango kasuan kasuko titulua zein den identifikatzea ahalbidetzen ez duten erreferentzia generikoak edo osatugabeak.

Lan-poltsa


Hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez dutenen artean ordezkapen zerrenda bat osatuko da, lanpostu hutsak betetzeko edo aldi baterako beharrak betetzeko. Lan-poltsa horiek beste administrazio publiko batzuei ere uzten zaizkie, langileak kontratatu behar dituztenerako.

Deialdi honek Udalean lanpostuak finkatzeko eta bitartekotasuna murrizteko bidea jarraitzen du.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/03/01-an argitaratua