Donostiak 5 milioi euro baino gehiago inbertituko eta 800 lanpostu inguru sortuko ditu

Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea urrian jarriko da martxan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, hiriko Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea ipiniko du abian. Laguntza pakete horren helburua lan merkatua suspertzea da, kontratazio berriei laguntzeko neurrien bitartez, bai sektore publikoan, bai pribatuan. Aurreikuspenen arabera, 800 lanpostu inguru sortuko dira, urrian aktibatuko diren neurriei esker, non guztira 5.235.205 euro bideratuko diren.

Pakete horren barruan bildutako neurrien artean ageri dira, besteak beste:
  • Merkatari eta ostalariei laguntzeko kontsumo bonuak egitea
  • Bi sektoreotara zuzenduriko eraldaketa digitalerako laguntzak ematea
  • Enpresa berriak sortzeko aholkularitza eta laguntzak eskaintzea
  • Negozioa birbideratzea erabakitzen duten ETEentzako laguntza
  • Hiriaren erronkak online lantzeko lankidetza plataformen garapena

Eneko Goia Donostiako alkateak administrazioen arteko "ahalegina eta lankidetza" nabarmendu ditu, baita planak sektore pribatuarekin duen lotura ere, "benetan eraginkorrak diren programak" antolatzeko, eta, hari esker, enpleguen galera moteltzeko. Ildo horretan, alkateak balioetsi du harrera ona izan zutela saltokietan eta ostalaritzan baliatzeko kontsumo bonuek eta halako ekimenek. Horrekin batera, gaineratu du enplegu planek "eraginkortasun egiaztatua" dutela lan merkatutik baztertuta dauden kolektiboei laneratzen laguntzeko.

Bestalde, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak honako hauxe nabarmendu du: "Plan honek tresna erabilgarria izan nahi du berriro ere hiriko saltoki eta negozio txiki askorentzat; izan ere, pandemiaren lehen olatuari eutsi ondoren, kezkaz ikusten dute haien egoera, osasun krisia berriro agertzearen ondorioz ugaritzen ari baitira murrizketa neurriak".

Bigarren fasea urrian


COVID-19aren pandemiak ekonomian eta gizartean izango duen inpaktua ikusita, Donostiako Udalak Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea aktibatuko du urrian. Laguntzei buruzko informazio guztia eskuratzeko eta eskabideak aurkezteko (urrian zehar aktibatuko dira):
Planak, halaber, bost jarduera ildotan eragiten du:
  • Enplegua. Planak 2.951.022 euroko aurrekontua du, eta kontratazio berriei laguntzea aurreikusten du, hala sektore publikoan nola pribatuan.
  • Merkataritzarako eta ostalaritzarako laguntzak. Pandemiak eragindako krisiak gehien kaltetutako sektoreetako bi diren aldetik, 1.038.970 euroko aurrekontua izango dute.
  • Enpresak sortzen laguntzea. 525.513 euroko aurrekontuarekin, areagotu egingo dira prestakuntza zerbitzuak, adituen aholkularitza, bideragarritasun analisiak eta abar, eta, aurreikuspenen arabera, litekeena da 200 lanpostu inguru sortzea.
  • Enpresa proiektuak garatzeko eta mantentzeko laguntza. Kapitulu honetarako zenbatekoa 619.700 € da.
  • Eredu ekonomikoaren eraldaketa eta erronkak. COVID-19ak eragindako krisiaren inpaktuaren ondorioz, beharturik gaude eredu ekonomikoak birpentsatzera. 100.000 euroko aurrekontuarekin, hainbat ekimen landuko dira.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/10/21-an argitaratua