Udalak Juan Manuel García Cordero oroitu du

Plaka bat jarri da Familia Santua kalean bere oroimenean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Familia Santua kalean omenaldia


Donostiako Udalak Juan Manuel García Corderoren omenez plaka bat jarri du, Komando Autonomo Antikapitalistaken biktima 1980an. Honekin 14 dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jarri dituen plakak.

Ekitaldia Familia Santua kaleko 5 zenbakian izan da, eta beste ekitaldietan bezala, omenaldi xumea egin da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal-taldeetako ordezkariek eta biktimaren senideek parte hartu dute.

Juan Manuel García Cordero 53 urteko Telefonicako ordezkari probintziala etxetik irtetean bahitu zuten, eta haren gorpua Ulian aurkitu zuten 1980ko urriaren 23an, zuhaitz bati kateatuta, su-armaz emandako tiro batekin, Komando Autonomo Antikapitalistei leporatutako atentatu batean.

Horrenbestez, Udalak hirian arrazoi politikoengatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez, Francisco Martín González eta Fernando Múgica Herzog - guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta eta Antonio Gómez - Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erailak -, Begoña Urroz Ibarrola - DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle - Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Baradiaran Urkola - poliziaren ekintzak eragindako biktima -.

2021/10/23-an argitaratua