Atlantic Cities elkarteko bilera, Donostia buru

Europako Batzordeko Eskualdeetako Zuzendaritzako eta Europako Gaietarako Frantziako Idazkaritzako ordezkariekin

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Atlantic Citieseko Buro Exekutiboa (Coruña, Brest, Donostia, Gijón, Rennes eta Viana do Castelo hiriek osatutakoa), Eneko Goia Donostiako alkatea buru, Europako Batzordeko Eskualdeetako Zuzendaritzako kideekin eta Frantziako Gobernuko Europako Gaietarako Idazkaritza Nagusiko ordezkariekin bildu da gaur, otsailaren 3an.

Topaketa birtual honen bidez, Europako trenbide-korridore atlantikoa hedatzeko beharra nabarmendu dute kideek, eta hirietako portuak RTE-T Europa barneko Garraio Sarearen sare nagusian hobeto integratu daitezen eskatu dute. Gainera, Paris eta Madril arteko abiadura handiko trenbide-konexioak osatzeko beharra azpimarratu dute. Horrez gain, Europar Batasunaren garraio-politikak korridore atlantikoan falta diren katebegiak kontuan hartu ditzan eskatu dute, eta proiektuari lehentasuna ematea, Europan benetako lurralde-kohesioa sustatzeko.

Gaur egun, zenbait hobekuntza egin diren arren, EBren fatxada atlantikoari dagokion RTE-T sarearen diseinuan agerikoa da konexio falta. Horregatik, funtsezkoa da korridorearen trinkotasun geografikoa aintzat hartzea, lurralde atlantikoaren berezko forma izan dezan eta Atlantikoko hiriak bigarren mailako helmuga izan ez daitezen.

Bestalde, sareko kideek Europako Parlamentuaren 2021eko irailaren 14ko ebazpena aplikatzeko eskatu dute. Bertan, ondorengoa eskatzen diote Kontseilu Europarrari: «Batzordeari eska diezaiola, Atlantikoko makro eskualdearen eredu bat ezarri dezala». Makro eskualdearen onarpenari esker, eraginkortasun handiagoz aurre egin ahal izango zaie lurralde atlantikoen erronka komunei, ondorengo arloetan, bereziki: hazkunde urdina, mugikortasuna, ingurumena/klima-aldaketa, berrikuntza/ikerketa, eta gizarte-dimentsioa eta kultura-esparruak.

Parte-hartzaileak


Atlantic Cities sareko kide gisa hartu dute parte Eneko Goia Atlantic Citieseko presidente eta Donostiako alkateak, Ana González Gijongo alkateak, Santiago Roura Coruñako alkatetzako koordinatzaile nagusiak, Luis Nobre Vianako alkate hautatu berriak eta Dominique Cap Brest Metropoliko lehendakariordeak.

Solaskide izan dituzte Isabelle Maës, Europar Batasuneko RTE-Tko Mugikortasun eta Garraio Zuzendaritza Nagusiko politiken arduraduna; Arthur Le ber, Clément Beaune Frantziako Europako Gaietarako Estatu idazkariaren aholkularia; Antoine Malandain, Europako Gaietarako Estatu Idazkaritzako Politika Ekonomikoko kontseilaria; eta Metzer, proiektuaren kudeatzailea.

Atlantic Cities elkartea tokiko 20 agintarik osatzen dute, eta ia 400 udalerri ordezkatzen dituzte. Edmond Hervé jaunak (garai hartan hiriko alkate zenak) sortu zuen, 2000ko uztailaren 7an, Rennesen. Helburua sare bat sortzea zen, Ozeano Atlantikoaren Europako isurialdean dauden hiriekin eta horientzat. Hala, Elkarteak kideen arteko lankidetza garatu nahi du, eta Erkidegoko erakundeek entzun ditzatela, kontinentearen eremuko herritarren elkarrizketa ahaztu gabe.

Lehen, sareak Arku Atlantikoko Hirien Konferentzia zuen izena (autonomia-erkidegoak).

2022/02/03-an argitaratua