Amara Berriko Eguna
Urriaren 22an ospatuko da, Auzo Mahaiaren ekimenez
'Amara Berriko Eguna' auzoko gizarte eragileen artean antolatutako ekimena da eta Udaleko Herritarren Partaidetza Zerbitzuak bultzatutako 'Auzo Mahaiak' dinamikatik sortu da. Topaketa honen bidez, auzoko elkarteen arteko harremana sustatzeaz gain, xedetzat du euren lana bizilagunen aurrean ikusaraztea.
Ekimena iaz egin zen lehen aldiz, Amara Berriko Auzo Mahaiaren bilera batetik abiatuta: bertan, elkarteen lana balioesteko eta, aldi berean, auzoa animatzeko topaketa bat antolatzeko aukera ikusi zen.
Urriaren 22ko goizean, larunbata, 10:00etatik 14:30era, Armeria plazan adin guztietarako ekintzak antolatu dira, besteak beste, txistulariak, trikitilariak, dultzainak, musika, dantza eta antzerkia... puzgarriak eta jolasak ere izango dira txikienentzat.
- 10:00H AURKEZPENA: Olatz Linazisoro / Xabier Otaegi
- 10:00h TXALAPARTA
- 10:30h SIN FRONTERAS Taldea
- 11:00h GORATZAR Abesbatza
- 11:30h TXIRULA MIRULA
- 12:00h AMARA BERRIKO ANTZERKI Taldea
- 12:30h TALKA
- 13:00h EASO Politeknikoko ZUMBA Taldea
Kalez kale ibiliko dira Ikasbideko DultzaineroTaldea, Trikitixa «Soinu Alai» eta Donostiako Txistulari Banda
Ekimen honen talde eragilean honeko elkarte eta entitate hauek daude: ABAE Auzo Elkartea, Ilunki Elkartea, Ikasbide kultur Elkartea, Arcco, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa/Amara Berriko Dendak, Easo Institutu Politeknikoa, Scientia Karmelo ikastetxeko Guraso Elkartea, Chernobyl Elkartea, Berritsu Euskara Elkartea, Gobernu Zibila kultur etxe plataforma, Kichwa Otavalo elkartea eta Herritarren Partaidetza Zerbitzua. Amara Berri eguneko jardueretan parte hartzeko izena eman dute ere El Saloncitok eta Amara Berri ikastetxeko Guraso Elkarteak ere.
AUZO MAHAIAK
Auzo Mahaia Donostiako Udalaren Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuak sustatutako gunea da. Bertan, auzoko elkarte eta erakundeek, beren jarduera-eremutik haratago, hausnarketak partekatzen dituzte, proiektuak diseinatu eta elkarrekin gizarte-kohesioa areagotzeko lan egiten dute. Ildo horretan, esparru soziokulturalean hobekuntzak bilatzen ditu ikuspegi komunitariotik, eta Auzo Mahaiaren barruan eta bere jardueretan aniztasuna bermatzen saiatzen da.
Gaur egun Auzo Mahaia osatzen dutenen artean, goian aipatutako elkarte eta entitate batzuez gain, Urrats Euskaltegiak eta Katalin ikastetxeak ere parte hartzen dute.
Amara Berriko Auzo Mahaia 2020an sortu zen, eta Amara Berri Egunaren lehenengo eta bigarren edizioak antolatzeaz gain, 2022ko ekainean 'Koloretako arrozak' ekimena ere bultzatu zuen.
2022/10/20-an argitaratua