Donostiako Udalak hiriko merkataritzari laguntzeko kanpaina bat jarri du abian

"Donostia Market Plaza"k erosketa bonuen plana eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten establezimenduen zerrenda bat eskainiko ditu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina bat antolatu du, 'Donostian behar zaitut' hartuta lelo gisa. Horren xedea da sektoreari babesa eta elkartasuna adieraztea eta hiriko establezimenduetan kontsumoa sustatzea.

Kanpaina honen eskutik sortu da Donostia Market Plaza plataforma. Estreinaldi gisa, erosketa bonuen sistema bat prestatu du, bai eta produktuak edo zerbitzuak etxera ekartzea eskaintzen duten establezimenduen direktorio bat ere.

Erosketa bonuak



Programa honetan, 28.960 erosketa bonu jarriko dira merkatuetan erabiltzeko. Bonu horiek online erosiko dituzte herritarrek, eta, ondoren, Donostiako denda, artisau industria, ostalaritza, turismo eta zerbitzu pertsonaleko establezimenduetan aldatu ahal izango dituzte, betiere saltokiok Donostia Market Plaza plataformari atxiki bazaizkio.
  • Denda bakoitzak 80 bonu saldu ditzake gehienez eta, beraz, guztiak saltzea lortuko balute, 1.600 € ko diru-sarrerak lortuko lituzkete.
  • Orain arte, hiriko 362 establezimenduk egin dute bat ekimen honekin, eta beste ehun etxez etxeko zerbitzuan. Izen ematea doakoa izan da.
Erosteko sistema oso erraza da.
  1. Bezeroak www.donostiamarketplaza.eus webgunean sartu behar du, eta bonua zer establezimendutarako nahi duen hautatu. Erosketa bonuak 20 euro balio du, eta erosleak 14 euro baino ez du ordaindu behar. Beste 6 euroak Donostiako Sustapenak ordainduko dizkio establezimenduari. Kontsumitzaileak gehienez bost bonu eros ditzake, dela establezimendu baterako, dela gehiagotarako, baina bonu bakoitza erosi den establezimenduan soilik erabil daiteke.
  2. Sustapenak plataformaren bidez merkaturatutako erosketa bonu bakoitzaren 20 euroak ordainduko dizkio establezimenduari.
  3. Nahi beste bonu erosi ondoren – inoiz ez pertsonako bost baino gehiago –, sistemak egiaztagiri bat bidaliko du posta elektronikoz, bonua aldatzeko behar diren datuak jasotzen dituela. Egiaztagiri hori inprimatu egin daiteke, edo, bestela, mugikorrean erakutsi erosterakoan.

Bonuak www.donostiamarketplaza.eus webgunean maiatzaren 27tik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean erosi ahal izango dira; dena dela, epe hori amaitu eta oraindik ere bonurik bada, bukatu arte izango da erosteko aukera; kasu horretan, plataforman iragarriko da. Bonuak 2021eko martxoaren 14ra arte aldatu ahal izango dira.

Etxez etxeko zerbitzua

Donostia Market Plaza plataforman, hiriko 100 enpresa txiki baino gehiago biltzen dituen direktorio bat ere agertzen da. Hain zuzen ere, beren produktuak edo zerbitzuak etxera ekartzen dituzten enpresak dira hor jasotzen direnak.

www.donostiamarketplaza.eus webgunean, izena beren borondatez eta doan eman duten establezimenduen zerrenda bat aurkituko du bezeroak, bai eta horietako bakoitzarekin harremanetan jartzeko moduari buruzko informazioa ere. Establezimenduak berak ezarriko ditu ordaintzeko era eta baldintzak, bai eta eskaera entregatzeko sistema ere.

Donostiako Sustapenak 4 € arteko hobaria emango die programari atxikitako enpresei, Donostiako udal mugartean produktuak eta zerbitzuak etxez etxe banatzeko garraioaren kostu soziala ordaintzeko. Gehienez 50 garraio kupoi eskuratu ahal izango ditu enpresa bakoitzak.

Ohiturak aldatu


Eneko Goia alkateak adierazi zuenez, "ezinbestekoa da, guztiz, erakundeak eta herritarrak jabetzea une kritikoa dela hau gure denda eta saltokientzat". Hori dela eta, azpimarratu du beharrezkoa dela "erosteko hartzen ditugun erabakiei garrantzia ematea; izan ere, gure ohiturak aldatuz, saltoki txikiei lagundu diezaiekegu, ez bakarrik egoera honi aurre egin diezaien, baizik eta hemendik indartuta atera daitezen eta gure kale eta auzoei bizia ematen jarraitu dezaten; izan ere, sektore horrek, aberastasuna eta enplegua ere sortzen ditu”.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Enrique Ramosek adierazi duenez, “une hauetan, gutxi da tokiko merkataritzari, Donostiako bizi guztiko merkataritzari, eman diezaiokegun babesa. Gaizki pasatu dute, eta orain dugu aukera Donostian nahi ditugula esateko. Merkataritza horrek pertsona askori ematen die lana, 8.800 bat pertsonari gutxi gorabehera, eta, pandemiaren ondorioei ez ezik, aurre egin behar diete erosteko modu berriei ere, askotan, negozio txiki asko ixtera behartzen baititu horrek. Merkataritza bitamina da hirientzat, Donostiako BPGaren % 8,5 da, eta online erosteko plataforma honek denboran iraungo duen zerbait izan nahi du, koiunturazkoa ez den zerbait. Badakigu lehentasuna beti izango dela arreta aurrez aurre ematea lokalean, dendan edo tabernan, baina aukera bat ere bada Interneten egoteko edo, jadanik Interneten egonez gero, haien presentzia indartzeko, ezinbestekoa izan baita hori hilabete hauetan".

Udala eta Donostiako Sustapena bigarren fase batean ari dira lanean, Donostia Market Plaza e-commerce plataforma bilakatzeko, Donostiako enpresa txiki guztiek merkataritza espazio bat izan dezaten hor.

2020/05/26-an argitaratua