Donostia.eus - [Berria] 2016an Donostiak zerbitzu bikainak eskaintzeko prestakuntza programa #HarreraPlana

2016an Donostiak zerbitzu bikainak eskaintzeko prestakuntza programa #HarreraPlana

Urriaren 7an, jardunaldiak aurkeztuko dira Udalaren Pleno Aretoan, parte hartzeko tailer baten bidez. Herritar guztiek parte har dezakete, eta asistentzia baieztatu behar da. Aurrez aurreko jardunaldiak urriaren 20an hasiko dira.

Inprimatu
2016rako Harrera Plan bat garatu du Donostiako Udalak. Turisten esperientzia bikaina izatea bermatzea da horren helburua, bai eta donostiarron bizi baldintzak hobetzea ere. Gaur goizean, Donostiako alkate Eneko Goiak, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi, Ernesto Gascok, eta 2016ko zuzendari orokor, Pablo Berasteguik prentsaurrekoa egin dute, Harrera Plana aurkezteko.

Eneko Goia alkateak esan du, hiriak aukera aparta duela zer den, nolakoa den eta nolako gaitasunak dituen adierazteko, eta aukera aparta horretan donostiar guztien parte hartzea ezinbestekoa dela: “Guztion ardura da 2016ak suposatzen duen aukera aprobetxatzeko eta gai izateko segidako legatua uzteko: etorkizunean bisitatzen gaituztenei harrera bikaina egiten jarraitzeko gai izatea”.

Ekonomiaren Sustapeneko, Merkataritza eta Ostalaritzako, eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gascok azpimarratu du, Harrera Plana talde-lanaren ondorioa dela, hain zuzen ere, zazpi sektore garrantzitsuetako ordezkariekin egindako talde-lana. Sektore horiek – ostalaritza, merkataritza, alojamendua, Udalaren zerbitzuak, garraioa, aisialdi zentroak eta hiritarrak – oso garrantzitsuak dira 2016an Donostiaren irudia nazioartean ezagutzera emateko.

Bestalde, 2016ko zuzendari orokor Pablo Berastegik honakoa esan du: “Parte hartzea, hau da, parte izatea eta parte sentitzea, hiriburutzaren ADN delakoan dago. Izan ere, parte-hartzea giltzarria da. Gainera, pertsonek proiektuaren erdian egon behar dute, haiek direlako hiriaren benetako irudia emango dutenak. Horren harian, gaur aurkeztu dugun parte hartzeko modua, Hiriburutzaren hiritarren partaidetzaren gidan dagoen moduetako bat da”.

Ekimenak


Hainbat ekimen ditu planak:
  • Mugikortasun sostengagarriko plan bat, indarreko eredua hobetzekoa. Beraz, hirira nola iritsi eta hirian nola mugitu lehentasunetako bat izango da.
  • Bi informazio eta harrera bulego berri zabaltzea laster batean. Bat autobus geltokiaren inguruan izango da, bestea, Alderdi Ederren, Hiriburutzaren Bulegoak bultzatuta, udalaren turismo erakundearekin batera. Donostiako informazio zerbitzua hobetzen jarraitzea da bi bulego berri hauen jomuga, nahiz donostiarrentzat nahiz bisitarientzat ere.
  • Hobekuntzak tokiko enpresen eta agenteen lehiakortasunean, lehiakortasun turistikoko ereduetan oinarrituak. Hau da, herritarren eta alor turistikoan diharduten sektoreen jarrera positiboa eta adeitsua bultzatzea; hiri irekiago eta prestatuago bat egitea; eta ahalik eta hobekien aprobetxatzea Europako Kultur Hiriburu izateak dakartzan aukerak.

Horretarako, honako hauek diseinatu dira:
  • a) Hizkuntz ikastaroak (euskara, frantsesa eta ingelesa) jendaurrean lan egiten duten udal langileentzat. 70 ikaslek esku hartu dute ikastaro horietan.
  • b) Aurrez aurreko prestakuntza, hiritarrentzat eta ostalaritza, merkataritza, zerbitzu publiko, garraio eta aisia alorrean lan egiten duten profesionalentzat.

    14 prestakuntza jardunaldi izango dira, zeharkakotasuna izanik haien ezaugarri, erdiak euskaraz eta beste erdiak gaztelaniaz. Era askotako gaiak landuko dira: bezeroen arreta, kexen kudeaketa, kultur hiriburutzaren proiektua…

    Hainbat lekutan egingo dira: Aquariuma, Miramar Jauregia, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroa, San Telmo Museoa eta 2016 Gunea.

    Jardunaldi hauentzako material lagungarri gisa, harrera gidaliburu batzuk prestatu dira, sektoreka bereizita (ostalaritza, merkataritza, zerbitzu publikoak, ostatua, garraioa eta aisialdi zentroak). Gidaliburuetan, modu erraz eta atseginean, formatu arin eta zuzen baten bidez, bezeroen arretan arrakasta izateko gakoak erakusten dira, eta zeharka lantzen dira, besteak beste, aniztasun funtzionala, ingurumen jarrera, etab.

    Dokumentu pertsonal bat da, on line trebakuntzarako ere oinarri izan daitekeena, aurrez aurreko prestakuntzarako prestatu diren aurkezpenekin batera.
  • c) On-line prestakuntza programa. Abentura jolas baten bidez garatuko da, non erabiltzaileak prestakuntza pilulak jasotzen joango den. Taula Donostiako hiria izango da, eta, bertan, 2016rako oinarrizkoak diren hainbat gune (esate baterako, egin beharreko ekitaldi edo jarduerak edo haien sinbolismoa) biltzen dituen ibilbide batean, erabiltzaileak prestakuntza jasoko du, aipatutako arlo nagusiei buruzko bideo txikien edo dokumentuen bitartez, eta ahalik eta puntu gehien lortzen saiatuko da, aitortza jaso ahal izateko. Jolasean erregistratzeko unean, sistemak sektoreetan diharduten pertsonak, herritarrak eta 2016ko boluntarioak bereiziko ditu.

Hurrengo mugarriak:


Urriaren 7an, jardunaldiak aurkeztuko dira Udalaren Pleno Aretoan, parte hartzeko tailer baten bidez. Herritar guztiek parte har dezakete, eta asistentzia baieztatu behar da harreraplana2016@donostia.eus posta helbidera idatzita edo 943 48 14 63 edo 943 48 12 89 telefono zenbakietara deituta.

Aurrez aurreko jardunaldiak urriaren 20an hasiko dira.

Urriaren 8an, on-line edo telefonoz izena emateko epea irekiko da. Era berean, egun horretan bertan, on-line prestakuntza egiten has daiteke, sektoreko profesional edo partikular gisa.

2016 Bulegoaren lankide


“Harreragile" bilakatuko dira Harrera Plana ikasgelan nahiz linean egiten duten guztiek. 2016 Bulegoak 2016ari atxikitzeko era bereziak antolatzeko diseinatu duen Planean dago jasota izendapen hori. Laster aurkeztuko dute aipatu plan hori.

Asmoa da anfitrioi horiek, jasotako prestakuntzari esker, jakinduria eta trebetasunak bereganatzea, bisitariei harrera hobeto egiten laguntzeko. Hala, beti borondatez jardunda, zalantzak argitu litzakete, toki interesgarriak gomendatu, programazioa jaso, orientabideak eskaini, aribideak eman eta abar. Azken batean, hiri atseginago, xaloago eta zabalago bat eraikiko dugu denon artean.
Erlazionatutako dokumentuak

2015/09/29-an argitaratua