Euskaraldian izena emateko garaia heldu da

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango da aurtengo Euskaraldia

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako alkateak, Eneko Goiak, eta hiriko esparru eta erakunde ezberdinetako pertsonek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko. Bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da eta aldez aurretik izena eman behar da www.euskaraldia.eus webgunean.

Erakundeak inskribatu ondoren, herritarren txanda iritsi da. Bigarren edizioan parte hartu nahi dutenek azaroaren 19ra arte izango dute izena emateko aukera.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, "Aurreko edizioan konturatu nintzen uste baino jende gehiagorekin eta leku gehiagotan hitz egin nezakeela euskaraz. Aurten bigarren edizioko leloari heltzea erabaki dut eta hori izango da nire helburua: euskara gehiago, pertsona gehiagorekin eta gehiagotan hitz egitea ".

Izena ematean, parte hartzeko bi roletako bat aukeratu behar da:
  • Ahobizik euskaraz hitz egingo die euskara ulertzen duten guztiei 15 egunetan zehar
  • Belarriprest, euskaraz hitz egiten dakitenei 15 egun hauetan euskaraz hitz egiteko eskatuko diete

Gaur Euskaraldian izena eman dutenek esperimentu berri honetan parte hartzera animatu nahi dituzte euskara hitz egiteko edo ulertzeko gai diren 16 urtetik gorako donostiarrak.

online inskripzioa


Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek azaroaren 19a baino lehen eman beharko dute izena euskaraldia.eus webgunean. Antolatzaileen arabera, "Pandemia dela eta, on line izena ematea komeni da, euskaraldia.eus webgunean". Hala ere, izena emateko postontziak jarriko dituzte Donostiako kultur etxeetan eta beste leku batzuetan.

Izena ematen dutenek e-mail bidez jasoko dituzte hizkuntza-esperimentua behar bezala egiteko aholkuak. Behin izena emanda, azaroaren hasieran dagokion txapa jaso beharko dute izena emateko aukeratutako lekuetan.

Erabilera bermatzeko ariguneak


Aurtengo edizioan, hiriko 230 erakundek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko eta ariguneak sortu dituzte. Horrela, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, erakunde horietan euskaraz hitz egiteko guneak egongo dira eta ahobizi edo belarriprest izango dira. Antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute erakunde horietako partaideek ere izena eman behar dutela euskaraldia.eus webgunean.

Izena emateko eta ondoren txapak jasotzeko lekuak:
  • Kultur etxeak: Aiete, Casares, Egia, Ernest Lluch, Intxaurrondo Berri Larrotxene, Loiola, Lugaritz, Okendo eta Koldo Mitxelena
  • Itsas Aurre (Igeldo) eta Jolas Etxea (Añorga)
  • Bagera Elkartea (Hernani kalea 15, behea)
  • Udaleko Euskara Zerbitzua (Konstituzio plaza 2)
  • Benta Berriko kiroldegia.
Horrez gain, Loiolako eta Morlanseko ibaiadarretan izen-ematea sustatzeko mahaiak/haimak jarriko dira, baita aurrerago zehaztuko diren hiriko beste gune batzuk ere.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/10/07-an argitaratua