Udalak plaka bat jarriko du Eugenio Olacireguiren omenez

ETAren biktima izan zen duela 25 urte eta Ategorrieta – Ulia auzoko Bordatxipi kalean gogoratuko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak plaka bat jarriko du hurrengo larunbatean, urtarrilaren 29an, Eugenio Olacireguiren omenez, ETAren biktima 1997an. Honekin 20 izango dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.

Plaka jartzeko ekitaldia larunbatean, 12:00etan, Ategorrieta – Uliako Bordatxipi kaleko 14. zenbakian izango da, eta plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den bezala, omenaldi xumea egingo da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak eta udal taldeetako ordezkariek parte hartuko dute.

Eugenio Olaciregui Borda 39 urteko bizikleta saltzaileak garondoan tiro bat jaso zuen lankide baten zain zegoela Oiartzungo bere lantokira joateko, ETAk egindako atentatu batean.

Horrenbestez, Udalak hirian arrazoi politikoengatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez Fenollar, Francisco Martín González, Fernando Múgica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno - guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gómez eta Juan Manuel García Cordero - Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erailak -, Begoña Urroz Ibarrola - DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle - Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Baradiaran Urkola - poliziaren ekintzak eragindako biktima -.

2022/01/25-an argitaratua