DBizik bere zerbitzuaren kalitatea bermatzen duen AENORen ziurtagiria lortu du

Datorren udazkenean Herreran bizikletetarako beste geltoki bat jartzea aurreikusita dago

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Ziurtagiria eskuratu duen lehena eta bakarra

Donostiako bizikleta alokairu sistemak, Dbizik, AENORen ziurtagiria lortu du, Garraio Publikoaren Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren gaineko UNE-EN 13816 arauaren arabera, zeinak bere zerbitzuaren kalitatea aitortzen duen. Bizikleta alokatzeko enpresetatik arau honen arabera AENORen ziurtagiria eskuratu duen lehena eta bakarra da. Gaur eman zaio ziurtagiria Donostiako Udaletxean, eta ekitaldian parte hartu dute hiriko Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek, BIZISS ABEEko gerente Jesús Sánchezek eta AENORen Euskadiko zuzendari Gonzalo San Antoniok.

Erabilerak gora egin du

DBizi 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta urte eta erdi eskasean zifra errekorrak lortu ditu, erabiltzaile kopuruari eta egindako bidaiei dagokienez. 2022ko lehen lauhilekoan modu ikusgarrian eta etengabean hazten jarraitu du, eta 196.790 bidaia egin ditu. 2021ean, berriz, 113.445 bidaia erregistratu ziren denbora tarte berean. Abonatuei dagokienez, 2022ko lehen lauhileko honetan Dbizik 6.431 erabiltzaile ditu, 2021eko aldi bereko 3.901 abonatuen aldean. Gainera, bizikletak alokatzeko hiriak aurretik izandako sistemarekin erregistratu ziren kopuruak baino askoz handiagoak dira.

Erabiltzaileen gogobetetzea

Dbizik gogobetetze inkesta bat egin die erabiltzaileei. Datu horiek hiriko auzoetan bizi diren 16 urtetik gorako eta genero desberdineko 252 erabiltzaileri egindako inkesten bidez lortu dira. Lehentasun ordenaren arabera, hauek izan dira ondoen baloratutako alderdiak:

1. Bizikleta eta ainguraleku libreen eskuragarritasuna geltokietan
2. Bizikletek eskaintzen duten segurtasuna
3. Bizikletak garbi aurkitzea
4. Matxuratutako bizikletak aldizkakotasun egokiarekin (24 h) ordezkatzea
5. Egindako erreklamazioei erantzuteko azkartasuna
6. Sisteman alta emateko sarbidea erraza izatea
7. Bizikleten alokairu zerbitzuaren abonu motei buruz webgunean dagoen informazioa egokia izatea
8. Bizikletak erabili ahal izatea, gehiago kutsatzen duten beste garraiobide batzuk erabili ordez

Zerbitzua zabaltzea

Dbizi sistema zabaltzeko lanean ari da, geltoki gehiago eta bizikleta gehiago jarriz. Etengabe hobetzeko ildo horretan, datorren udazkenean Herreran bizikletetarako beste geltoki bat jartzea aurreikusita dago. Geltoki mistoa izango da, bizikleta elektriko eta mekanikoekin.



Informazio gehiago www.dbus.eus webgunean eta 900 840 900 telefono zenbakian

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/25-an argitaratua