Atlantikoko Hiriek Donostiako Adierazpena sinatu dute

Klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka borrokatzeko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Eneko Goia Donostiako alkate eta Atlantic Cities sareko presidenteak inauguratu du maiatzaren 24an eta 25ean Donostian egin den Mintegi eta Batzar Nagusiaren bigarren jardunaldia. Atlantic Citiesen topaketak Arku Atlantikoko Batzordeak egunotan Kursaalen egin duen Batzar Nagusiarekin bat egin du, eta gai beretsuak jorratu dituzte bi topaketetan. “Makroeskualde Atlantiko bat sortzeko aukera-leiho bat irekiko zaigu epe laburrean. Arku Atlantikoa osatzen dugun hirientzat garrantzia handiko gaia da, proiektu berrietan elkarrekin lan egitera eta konpromiso komunak hartzera behartzen gaituelako”, nabarmendu du Goiak saioa abiatzeko hitzaldian.

BC3 Basque Centre for Climate Change erakundeko zuzendari zientifiko Maria José Sanzek klima-aldaketak Atlantikoko hirietan dituen eraginak azaldu ditu jarraian: "Klima-aldaketa errealitate bat da, eta muturreko gertaerak, hala nola, tenperatura altuak, euri-jasak edo lehorteak, maiztasun eta intentsitate handiagoz errepikatzea eragiten du. Hiriek funtsezko zeregina dute zentzu horretan, baina baita egokitzeko behar handia ere”. Munduko biztanleriaren % 70 hiriguneetan bizi da, hiriek munduko energiaren % 78 kontsumitzen dute eta gasen isurketen % 60 eragiten dute. “Bero-boladen, uholdeen eta suteen aurka prestatzeko, inbertsio handiak egin behar dituzte hiriek. Horregatik, ezinbestekoa da ekintza-planek arintze- zein egokitze-alderdiak barne hartzea. Gainera, gobernantza klimatikoa bultzatu behar dugu, eta inplikazio psikosozial handiagoa lortu”. Azkenik, herritarrengana eta sektore pribatura iristeko, mezuak aukera gisa helaraztea funtsezkoa dela azaldu du Sanzek, haien lankidetza lortzeko.

Hirien eraldaketa

Alkateen mahaian Atlantic Cities sareko bost hirik hartu dute parte: Ines Rey A Coruñako alkateak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Ana Gonzalez Gijongo alkateak, Maider Arosteguy Biarritzeko alkateak eta Manuel Vitorino Viana do Casteloko lehendakariordeak.

Adierazpenaren sinatze-ekitaldia

Atsedenaldiaren ostean, sareko hiriak Batzar Orokorrerako bildu dira, eta bertan onartu eta sinatu dute klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka borrokatzeko Donostiako Adierazpenaren testua. Agirian hirietan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurriak bizkortzeko konpromisoa hartu dute, eta klima-aldaketa arintzeko eta haren ondorioen aurrean egokitzeko bitartekoak indartuko dituztela berretsi.

Gainera, jardunbide egokien trukea sustatu eta erraztuko dute, ildo horretako prozesuak eta ekintzak bizkortuko dituzte, eta esperientzia partekatuak eta proiektu pilotuak bultzatuko dituzte. Aurrea hartzeko gaitasuna hobetzen saiatuko dira, arriskuen analisiak planifikatuz eta landuz, eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean erresilientzia hobetzeko planak jarriko dituzte indarrean. Era berean, norbanakoak politiken erdigunean jartzeko konpromisoa hartu dute, estrategiak diseinatzerako eta ekintzak gauzatzerako orduan, herritarrak, eta bereziki ahulenak, klima-aldaketaren eraginetatik babestuz.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/25-an argitaratua