Ireki da Trintxerpe eta Herrera arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako konexioa

Oinezkoentzako 340 metroko pasealekua izango da, 110 metro igarobide eta beste horrenbeste bidegorri

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Antzinatik, Trintxerpe eta Herrera auzoak ez dira behar bezala komunikaturik egon, bide, errepide eta portu azpiegiturak direla eta. Gauzatutako proiektu honekin auzo-udalerrien arteko deskonexio historikoa gainditzen da, eta orain arte baino baldintza hobeagoetan, Euskotrenen terminalak eskaintzen duen tren zerbitzua emango da.

Horrez gain, lan horiez baliatuz egoera txarrean zegoen gune bat urbanizatu da, portuaren ingurunea eta badia hirigintzaren ikuspegitik berreskuratzeko eta birgaitzeko, gune berde zabalen, plaza baten eta aisiarako gune baten bitartez.

Irekiera ekitaldira, inplikaturiko administrazio guztietako ordezkari instituzionalak hurbildu dira, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua; Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Jesús Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria; Félix Garciandia Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea; Eneko Goia Donostiako alkatea; Izaskun Gómez Pasaiako alkatea; eta Aitor Garitano obrak gauzatzeko agindua izan duen ETSko zuzendari nagusia.

Herrerako Topoaren geltokia eta Trintxerpe arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako konexioa egin da lan hauei esker. Guztira, oinezkoentzako 340 metroko pasealekua izango da, 4 metroko zabalerakoa, eta 110 metro igarobide, eta beste horrenbeste bidegorri, 2,60 metroko zabalerakoa. Jarduketaren barruan zabalgune handia egin da, eta zabalgune horretan plazak, lorategi-guneak, zuhaitzak eta hiriko altzariak jarri dira, herritarren erabilerarako eta gozamenerako.

Portuko guneen urbanizazio lanek hirian sartzea eta integratzea erraztu dute, herritarren harremanetarako eta aisiarako toki atsegin gisa egituratuz, eta baita Herrerako tren geltokirako sarbideak nabarmen hobetzea ere. Lan horietan, etorkizunean portu azpitik egon daitezkeen errepide sarbideak hartu dira kontuan.

2018/11/21-an argitaratua