Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldia apirilaren 1etik 8ra izango da

Ukraina, memoria historikoa edo babes-eskubidea izango dira zinemaldiaren film eta solasaldietako gaiak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



The Man Who Sold His Skin (2020) filmak, Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarrak zuzenduak, emango dio hasiera datorren apirilaren 1ean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldiari. Udaleko Giza Eskubideen Atalak eta Donostia Kulturak antolatua da zinemaldia.

Mali Twist (2021) filmak, 2014an bere ibilbide osoagatik zinemaldi honek saritutako Robert Guédiguian marseillar beteranoak zuzenduak, emango dio azkena zinemaldiari apirilaren 8an, Victoria Eugenia Antzokian ere. Bertan ospatuko den galan aurtengo sari berezia jasoko du EFA Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak.

Filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira aurten. Bestetik, bi emanaldi izango dira Antzoki Zaharrean, bi pelikula Tabakaleran, baita ohiko kolaborazioa ere Kresala Zineklubarekin (Trueba zinema-aretoak). Aurten, 24 nazionalitateko 40 film (24 film luze eta 16 labur) proiektatuko dira guztira.

Urtero bezala, hiru film eskainiko dira hiriko ikastetxeetako ikasleentzat. Aurten, bi pelikula (Zutik! eta Tximinoen izarra) ikusi ahal izango dituzte online ikastetxean bertan; hirugarrena, Maixabel, Victoria Eugenia Antzokian proiektatuko da.

Gainera, 6 erakusketa eskaintzen dira zinemaldiaren programazioan

Apirilaren 2an, Victoria Eugenia Antzokian, Giza Eskubideei aldeko Pedagogia-Baliabideen 4. Azoka egingo da, aurten Bizikidetzaren aldeko memoria lantzeko baliabide pedagogikoak oinarritua.

Bestetik, aurten, giza eskubideei buruzko Begira TÚ online jokoaren bigarren edizioa egingo da; Euskadiko GGKEn Koordinakundeak antolatua da eta proban jartzen du parte-hartzaileek arlo honetan duten ezagutza.

Programazio hau solasaldiekin osatuko da eta haietan parte hartuko dute filmen protagonistek, zinemagileek eta hizpide diren gai sozialetan adituek.

Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.

Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jasotzen du, Giza Eskubideak eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, baita hainbat GKEren eta entitateren laguntza ere: Zehar, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara, besteak beste.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/03/25-an argitaratua