Donostiarrak dagoeneko hasita daude hiriko aparkalekuetako abantailez gozatzen

Udan egindako akordioari esker

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Donostiako Udalak Telparkekin (hiriko aparkaleku publiko gehienen emakida duen enpresa) joan den udan lortutako akordioari esker, donostiarrak dagoeneko hasita daude egoiliarren ibilgailuentzako abonamendu berriez baliatzen.

Olatz Yarza zinegotziak nabarmendu duenez, ekainean sinatutako akordioa 'hasita dago fruituak ematen, eta gainerako abantailez gozatzeko bidea ere laster izango dute donostiarrek. Izan ere, estrategia argia baitu Udalak alde horretatik: lurpeko aparkalekuen erabilera arrazionalizatzea; egoiliarrek, langileek edo garraiobide alternatiboak erabiltzen dituztenek aparkaleku horiek erabiltzeko bidea erraztuta'.

Hala, otsailean jarritako abonamendua –egoiliarrek gauez 2 euroan aparkatzeko modua izateko– 712 aldiz erabili dute aurreneko hilabete horretan 315 ibilgailuk. Katalunia plazako (Gros) aparkalekua izan da ibilgailu gehienek erabili dutena.

Telparken aplikazioaren bidez eros daitekeen abonamendu horrek, Erdialdeko (1-1 eta 1-2 sektoreak), Groseko (2-1 eta 2-2) eta Egiako (2-3) TAO sektoreetako egoiliarrei asteko egun guztietan, 19:00etatik 10:00etara, 2 euro ordainduta, ibilgailua hurrengo aparkalekuetan uzteko modua ematen die
  • Kontxa (Cervantes)
  • Boulevard
  • Easo
  • Atotxa
  • Okendo
  • Katalunia plaza

Lurpeko aparkalekuak hobeto erabiltzeko neurriak


Iaz hartutako zazpi neurrietako bat udako tarifen prezioa igotzea izan zen,
  • bisitariak, ahal dela, ibilgailuan ez etortzeko hiriaren barruraino
  • eta igoera horrekin bildutako dirua donostiarrek urte guztian baldintza hobeak izateko erabiltzea

Hala, 2024ko udan, 556.534 € gehiago bildu ziren Cervantes, Okendo eta Boulevardeko aparkalekuetan. Diru hori, egoiliarrentzako eta langileentzako abonu berrietan eta bizikleta, moto edo patineteentzako aparkaleku seguruak eratzeko inbertitzen hasita dago Udala.

Garraiobide alternatibo eta jasangarrientzako plaza berri horien abonamenduak erregularizatuta daude administratiboki; emakidadunak dagoeneko abiarazi ditu instalazioetan egin behar diren azpiegitura-lanak eta, seguruenera, maiatzean erabiltzeko moduan izango dira abonu horiek ere.

Bien bitartean, gainerako neurriak erregularizatzeko lanak egiten segitzen du Udalak, emakidadunak neurri horiek ezarri eta herritarrei eskaini ahal izateko datozen hilabeteotan. Laster izango diren eskaintza berri horien artean izango dira,
  • batetik, autoentzako beste bi ordainketa-modu malgu izatea (herritarrek edo langileek aparkalekuak neurri eta prezio hobean erabiltzeko)
  • eta, bestetik, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua abian jartzea

Mugikortasun berria


Lurpeko aparkalekuak erabiltzeko planteamendu berri hau ekarri duen akordioa Udala zehazten ari den mugikortasun-ereduan oinarrituta dago. Eta eredu horretan, mugikortasun-politiken erdigunean izango dena oinezkoa izatea lortu nahi da, ibilgailu pribatuak irabazitako lekuak oinezkoarentzat berreskuratuta, herritarrek gozatu ahal izateko leku horiez eta, hartara, bizi-kalitate hobea izateko.

Horretarako, neurriak hartzen ari da Udala:
  • mugikortasun aktiboa, garraio publikoa (autobusa, topoa, trena...) eta intermodalitatea sustatzeko
  • bai eta gune publikoa berreskuratzeko eta ibilgailu pribatu motordunaren erabilera eraginkortasun handiagoz kudeatzeko neurriak ere

Neurri horietako bat da hiriko lurpeko aparkaleku-estrategia birplanteatzea. Hiriko mugikortasunaren etorkizuna mugikortasun aktiboan eta garraio publikoan oinarritzen bada ere, kontuan izan behar dugu gaur egun dugun testuingurua eta nondik etorria den; izan ere, mugikortasuna izugarri aldatu baita azkeneko hamarkada hauetan.

Donostiako mugikortasunak gaur egun duen konfigurazioa ibilgailu pribatua ardatz nagusi zen garaian oinarrituta dago. Hala, lurpeko aparkaleku publiko gehienak garraiobide horri hiri-bizitzaren epizentrora sartzeko bidea errazteko eraiki eta bultzatu ziren. Eta, gaur egun, oso epe luzeko emakidak dituzten aparkalekuak ditugu (50 urte, gehienak), eta trafikoz bete-bete eginda den hiri ingurune batean. Emakida horietako batzuk 2060ra arte emanda daude ia, eta, beraz, ez da samurra ereduari buelta ematea, oso kostu handia izango luke hiriarentzat-eta.

Baina, Udalak lanean jarraitzen du egoerari konponbideak aurkitzeko; eta inguruabar horretan lortu du Telparkekin egindako akordioa, txandakako lekuen erabilera arrazionalizatzeko eta egoiliarrek, langileek zein garraiobide alternatiboek (moto, bizikleta, patinete) lurpeko aparkalekuak erabiltzeko modua errazteko.

2025/03/21-an argitaratua