Udalak muturreko hotz-egoeretan etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak aktibatu ditu
Aurtengo neguko protokoloak indartu egingo du kaleko egoeran dauden pertsona ahulenei ematen zaien arreta
Donostiako Udalak azaroaren 15ean jarriko ditu martxan etxerik ez duten pertsonei larrialdietan arreta emateko neguko aldi baterako baliabideak, hirian muturreko hotza aurreikusten den gauetan aktibatuko direnak.
Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak nabarmendu duenez, "
aldi baterako baliabide horiei gehitu behar zaizkie Donostiako Udalak urtean 365 egunetan etxerik gabeko pertsonei arreta integrala emateko dituen 200 harrera-plaza baino gehiago eta elikadura- eta eguneko arreta-programak. Muturreko egoera klimatologikoetan kale egoeran dauden pertsonei babesa eskaintzeko prestazio osagarri bat da".
Muturreko hotz-gauetarako baliabideak
Duela urte batzuetatik hona, Donostiak etxerik gabeko pertsonentzako harrera zerbitzua du muturreko hotz-gauetarako. Neguko Aterpe hori La Sirenan dago (Igeldo pasealekua, 25) 2021etik, eta azaroaren 14tik apirilaren 1era bitartean aktibatuko da, Euskalmetek kostaldean izozte arriskua dagoela adierazten duen gauetan.
Horrek 100 plaza gehitzen dizkie etxerik gabeko pertsonentzako urte osoan dauden baliabideei.
Joan den neguan abian jarri zen harrera-zentroetara joan nahi ez duten pertsona bereziki ahulei kalean emandako arreta, Hestia eguneko zentroko hezitzaileen eta DYAko boluntarioen eskutik. Arreta hori hobetze aldera, aurten ezarri da kaleko arreta-zerbitzuaren aktibazioak ez duela zerikusirik izango aterpetxeko zerbitzuaren aktibazioarekin, eta martxan jarriko da Euskalmetek hirian tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten duen gauetan.
Mariaje Idoeta zinegotziak azaldu duenez, iazko lehen esperientziaren ondoren, "
Gizarte Ekintza departamentuak zerbitzu hori indartzea komenigarritzat jo du, zaurgarritasun handiena duten eta egoera horietan tratamendu berezia behar duten pertsonei zuzendutako arreta baita".
Hala,
tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten den egunetan, hezitzaile talde bat goizean goiz joango da etxerik gabeko pertsona ahulenek gaua igarotzen duten lekuetara,
egoera aztertuko dute, janari beroa eskainiko diete eta zentro batera joateko aukera emango diete, babes-neurriren bat hartu behar den baloratzeaz gain. Kostaldean izotza egiteko arriskua dagoen egunetan, hezitzaile-taldeak bere jarduna indartu egingo du, pertsona hauskorrenengana hurbilduz, goizeko lehen orduan zein arratsalde-gauean.
Inolako baliabidetara joan nahi ez badute, hotzetik babesteko produktu-kit bat emango zaie:
- lo-zakuak eta esterak
- arropa termikoa, eskularruak
- buff-a
- txanoa
- galtzerdiak
- barruko arropa
Etxerik gabeko pertsonentzako baliabide iraunkorrak
Gogoan izan behar da Neguko Aterpetxearen zerbitzua baliabide osagarria dela, eta egoera jakin batzuetan aktibatzen dela. Donostiako Udalak hainbat harrera-zentro iraunkor ditu, baita eguneko arretarako beste baliabide batzuk eta elikadura-zerbitzuak ere. Horiei esker, etxerik gabeko pertsonei
arreta pertsonalizatua, indibidualizatua eta integrala ematen zaie urteko 365 egunetan.
Donostiak kaleko egoeran dauden pertsonei zuzendutako 199 udal harrera plaza ditu urte osoan: 121 plaza udalaren 32 harrera-etxebizitzatan banatuta, eta horiei Abegi Etxea Harrera Sozialerako Udal Zentroko 56 plaza eta Gaueko Aterpeko 22 plaza gehitzen zaizkie. Gainera, Bizitegi programa gehitu behar zaie. Programa horren bidez, 35 pertsonentzako dirulaguntzak eskaintzen dira ostatua ordaintzeko.
Beraz, urtean 234 plaza iraunkor daude guztira.
Eta bazterkeria-egoeran dauden pertsonek gaua igarotzeko baliabideez gain, Donostiako Udalak 218 elikadura-zerbitzu eskaintzen ditu egunero bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonentzat, eta aurten 882.956 € bideratuko dira horretarako. 2025ean, 24 elikadura-zerbitzu gehiago gehituko dira,
egunean 242 elikadura-zerbitzu eskainiz.
Erlazionatutako dokumentuak
2024/11/15-an argitaratua