Tokiko Gobernu Batzarrak onartu dituen gaiak

Semaforoak, Miramar Jauregia, Bretxako kirol-pistak, Urgulleko seinaleak, Bera Berako berrurbanizazioa, Erretiratuen elkarteak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Semaforoak


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du AERONAVAL DE CONSTRUCCIONES E INSTALACIONES SA enpresari esleitzea Donostian dauden udal-eskumeneko trafikoa kontrolatzeko instalazioak kontrolatu, ikuskatu, mantendu, zaindu, berritu eta konpontzeko zerbitzuen kontratua. Hasierako epea 3 urtekoa da, luzatzeko aukera 2 urtekoa eta urteko aurrekontua 1.116.356 eurokoa.

Kontratuaren xedea da:
• Donostiako udal-eskumeneko trafikoa kontrolatzeko instalazioak kontrolatu, ikuskatu, mantendu, zaindu, berritu eta konpontzeko zerbitzuak ematea;
• egin beharreko aldaketak edo berrikauntzak;
• Udalak beharrezkotzat jotzen dituen instalazio berriak egitea, bai Mugikortasun Zuzendaritzaren ekimenez, bai udaleko beste agente batzuen edo hirugarrenen ekimenez.

Miramar Jauregia


Tokiko Gobernu Batzarrak Centro Kursaal-Kursaal Elkargunea, SAk Miramar Jauregia birgaitzeko eta egokitzeko lanak egiteko eskatutako baimena ematea onartu du.

Eraikinean egin beharreko esku-hartze arkitektonikoaren helburua Miramar Jauregiak definitzen duen egitura-nortasuna berreskuratzea da, baina egungo egoeretara egokituta, balio sinboliko eta artistikoa babesteko eta jasangarritasunaren erronkei erantzuteko, energia-eraginkortasunari eta irisgarritasunari dagokienez, besteak beste.

Bretxako kirol-pistak


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostia Kirolak-i afektatzea Donostiako Udalaren titulartasuneko Arrandegi eraikinean dagoen kirol-erabilerako lokala, Bretxa multzoan.

Ondasuna Donostiako Kiroletako Udal Patronatuari afektatzea erabaki da kirol-pisten kudeaketa integralerako, tokiko kirol-sistemaren funtzionamendu eraginkorra gidatzeko, eta, horrela, kalitatezko zerbitzu publiko baten bidez, gizarte- eta kirol-eragile guztien parte-hartzearekin, donostiar guztiek jarduera fisikoa eta kirol-jarduera egiteko aukera izango dutela bermatzeko.

Urgull seinaleak


Tokiko Gobernu Batzarrak Urgull mendiko eraikin eta mugarri historikoen norabide- eta informazio-seinaleztapeneko elementuen horniketa eta instalazioa kontratatzeko espedientea onartu du, 124.630 euroko lizitazio-aurrekontuarekin eta hamasei asteko entrega-epearekin.

Kontratu honen xedea da hondatutako elementuak kentzea, euskarriak zaharberritzea eta gaur egun Urgull mendian dauden elementu berriak hornitu eta instalatzea:

• Norabidea adierazten duten seinaleak edo geziak
• Informazio-panelak, planoekin, piktogramekin, argazkiekin, marrazkiekin eta horiei buruzko testuekin.
• Mendiko florari buruzko panelak, bi mahai panoramiko, mendiaren irekiera- eta itxiera-ordutegien panelak.


Bera Bera berrurbanizatzea


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du CONSTRUCCIONES ZUBIEDER, SL enpresari esleitzea Bera-Bera II. Fasea A berrurbanizatzeko proiektuari dagozkion obren kontratua, 7 hilabeteko egikaritze-epearekin eta 1.419.629 euroko esleipen-prezioarekin.

Egiteko dauden lanak bat datoz Hegaztien pasealekuko bi zatiren berrurbanizazioarekin, baita auzoaren erdialdean aparkatzeko eta egoteko eremuarekin ere. Lizitazio honek Hegaztien pasealekuko bi tarteen berrurbanizazioa baino ez du jasotzen.

Erretiratuen elkarteak


Tokiko Gobernu Batzarrak adineko erretiratuen elkarteei laguntza teknikoa eta lagunkoitasuna hobetzen laguntzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du. Urteko lizitazio-aurrekontua 210.711 €-koa da, eta gauzatzeko epea 2 urtekoa.

Kontratuaren xedea erretiratutako adineko pertsonen elkarteei laguntza teknikoa ematea da, beren burua antolatzen laguntzeko eta, aldi berean, zentroen funtzionamendu egokia bermatzeko, bai eta zentroen lagunkoitasuna hobetzeko prozesuetan laguntzeko ere.

2024/08/27-an argitaratua