Udalak Rafael Garrido, Daniela Velasco eta Daniel Garrido oroitu ditu

Hiru plaka jarri dira Boulevard zumardian beren oroimenean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Omenaldia Boulevard-ean



Donostiako Udalak Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velascoren omenez hiru plaka jarri ditu, ETAren biktimak 1986an. Honekin 17 dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jarri dituen plakak.

Ekitaldia Boulevard zumardian (Dbusen 21-28-B4-B9 lineen geltokiaren parean) izan da, eta beste ekitaldietan bezala, omenaldi xumea egin da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal-taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartu dute.

Rafael Garrido 59 urteko Gipuzkoako gobernadore militarra, Daniela Velasco bere emaztea, 53 urtekoa, eta Daniel Garrido bere 21 urteko semea 1986ko urriaren 25ean hil ziren, ETAko kideek Legazpi eta Boulevard kaleen arteko bidegurutzean beren ibilgailu ofizialaren sabaian jarritako bonba-laparen ondorioz.

Maria Jose Teixeira, 27 urtekoa, egun batzuk geroago hil zen, leherketak eragindako zauriengatik, eta beste 11 pertsona ere zaurituak izan ziren. Teixeiraren familiak ekimena eskertu duen arren, uko egin dio haren izenean plaka bat jartzeari.

Horrenbestez, Udalak hirian arrazoi politikoengatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez, Francisco Martín González eta Fernando Múgica Herzog - guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gómez eta Juan Manuel García Cordero - Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erailak -, Begoña Urroz Ibarrola - DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle - Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Baradiaran Urkola - poliziaren ekintzak eragindako biktima -.

2021/11/27-an argitaratua