Udalak gabonetako eta neguko ospakizunak egokituko ditu

Olentzero eta Errege Magoak hirian izango dira, nahiz eta desfile edota kabalgatarik egon ez

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak Gabonetako eta neguko beste ospakizunak bizi dugun egoerara egokituko ditu. Horrela adierazi du Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzordearen ostean egiten duen ohiko agerraldian: “Hilabete eskas gelditzen da eta, nahiz eta oso zaila den jakitea hemendik 30 egunetara egoera nolakoa izango den, neguko zein gabonetako ohiko ekitaldiei heldu diegu eta egoerara egokitu ditugu. Beraz, Gabonak ospatuko ditugu, baina modu ezberdin batean”.

Horretarako, Donostiako Udalak, Donostia Kultura eta Donostiako Festak atalaren bitartez, ekitaldi gutxiago izango dituen programa antolatu du, hain zuzen ere, udal taldeekin eta Udalaren beste hainbat atalekin landutako programa; eta beti, Udalaren beraren COVID-19aren jarraipen batzordean onartutakoa. Eneko Goiak honakoa esan du: “Programa xumeagoa izango da, baina ziur aski gauza batzuk beste modu batean bizitzeko eta beste begi batzuekin ikusteko balio izango du”.

Olentzero eta Errege Magoak


Alkatea hiriko ume eta familia guztiei zuzendu zaie: “Aurten Olentzero Donostian izango da, eta ume guztiek euren eskaerak egiteko aukera izango dute. Horretarako, Olentzerok esan digu laster bideo bat bidaliko digula, eta bertan, haur guztiei instrukzio batzuk emango dizkiela eskaerak egiteko”.

Horren harian, Eneko Goiak jakinarazi du, aurten ez dela ez dela desfilerik izango, ezta kabalgatarik ere. Horrela, gutunak zein email bidez bidali ahal izango dituzte haurrek euren gutunak, bai Olentzerori eta baita Errege Magoei ere. Olentzeroren kasuan abenduaren 23an eta 24an Antzoki Zaharrean emanaldiak egongo dira eta, bertan, Olentzerok eta Mari Domingik parte hartuko dute. Erregeei dagokionez, urtarrilaren 5ean Illunben emanaldi batzuk egingo dira Erregeak ikusi ahal izateko. Halaber, Meltxor, Gaspar eta Baltasar helduen egoitzei keinu bat egingo dietela aurreratu du Eneko Goia alkateak.

San Tomas, Gabonetako azoka, argiak eta PIN delakoa


Ildo beretik, Donostiako alkate Eneko Goiak jakinarazi du, abenduaren 21ean ez dela San Tomas jairik egingo. Horrela, ez da posturik ezta azokarik egingo ere. Egun horretan egingo den gauza bakarra, Txistorra lehiaketa izango da, baina ateak itxita.

Gabonetako argiei dagokionez, azaroaren 27an piztuko dira, eta egun horietan zehar egiten den gabonetako azokaren ohiko tokian egingo da, hau da, Frantziako Pasealekuan. Azokari dagokionez, hainbat aldaketa izango dira:
  • Postuen erdia egongo da
  • Ez da food-truck delakorik egongo, ezta haurrentzako tailerrak ere
  • Norabide bakarreko gunea izango dela eta, beraz, sarrera eta irteera bakarra izango duela

Azkenik, alkateak aditzera eman du, aurten ez dela Kursaalean egon ohi den Gabonetako Umeen Parkea egongo – PIN delakoa – . Halere, egoerari egokitutako bestelako programazioa egongo da, besteak beste:
  • Zinema
  • Tailerrak
  • Antzerkia
  • Zirkua

Erlazionatutako dokumentuak

2020/11/17-an argitaratua