Igeldoko Toki Erakunde Txikiaren eraketa onartu da

Horrekin, Donostiako Udalak 2021ean hasitako prozesua amaitu da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Igeldoko Toki Erakunde Txikiaren eraketa onartu du, eta 2021ean Donostiako Udalaren ekimenez hasi zen prozesuari amaiera eman dio honela. Erabaki hau "errekonozimendu historikoa" da, eta honela, Irune Berasaluze foru bozeramailearen hitzetan, "herriak bere garapenean jarraituko du, bere berezitasuna aintzat hartuta eta bere kudeatzeko gaitasuna indartuz".

Berasaluzek urrats historiko honen garrantzia azpimarratu du: "Gaur Igeldoren nortasun propioan eta autogestiorako borondatean errotuta dagoen aldarrikapena errealitate bihurtzen da. Toki-erakunde txiki hau eratzeak kidego sentimenduak aitortzea dakar, eta komunitatea indartzeko funtsezko tresna da". Hemendik aurrera, Igeldok bere gain hartuko ditu eskumen propioak, datozen lau urteetan hainbat bloketan antolatuta.

Eneko Goia, Donostiako alkateak nabarmendu duenez, "gaur eman den urratsa erabakigarria da azken urteetan egindako bidean. Igeldoko bizilagunek gertuko administrazio bat eta jasotzen dituzten zerbitzuak hobetzeko tresna bat izateko nahiari erantzuna ematen zaio".

Eratzeko administrazio-prozesua 2021eko maiatzean hasi zen formalki, Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak justifikazio-azterlana egiteko lantalde bat sortzea onartu zuenean. Espediente hori 2024ko apirilean aurkeztu zioten Foru Aldundiari, eta, urrian osatu ondoren, gaur goizean jaso du behin betiko ebazpena.

Eskumen progresiboak


Donostiako ipar-mendebaldean 10.152.626 metro koadroko azalera hartzen duen toki-erakunde txiki berriak lau fasetan egituratutako prozesu mailakatu batean kudeatuko ditu bere eskumenak.
  • Lehen fasean, eratu zenetik eta lehen bi urteetan, Igeldok hainbat zeregin kudeatuko ditu, besteak beste, bide publikoak, parkeak, lorategiak, argiteria, eraikin publikoen mantentze-lanak, kultura eta euskara sustatzea, kirol jarduerak eta administrazio orokorra.
  • Lau urteko bigarren blokean, hirigintza, etxebizitza, ingurumena eta Igeldoko errepide orokorra bezalako arloetara zabalduko du bere kudeaketa. Udalinfo eta gizarte zerbitzuak Igeldorantz deszentralizatuko dira eratu eta urtebetera, baita zeharkako zerbitzuak ere, hala nola administrazio elektronikoa, gardentasuna, egoitza fisikoa eta elektronikoa.

Prozesu hori batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du hasiera batean, eta Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin lankidetza estuan arituko da. Hurrengo udal hauteskundeen ostean, Auzo Batzar batek ordezkatuko du batzorde hori, eta bere gain hartuko du eskumenak garatzeko eta Auzo Alkatea aukeratzeko ardura.

2024/12/17-an argitaratua