Frankismoak udal langileen bizitzaren aurka eragindako krimenen kontrako kereila

Udalak gaian aditua den abokatua kontratatuko du

Inprimatu


Tokiko Gobernu Batzordeak adostu du Donostiako epaitegietan kereila jartzea erregimen frankistak udal langile eta kargu publikoen bizitzaren aurkako krimenen kontra. Eneko Goia alkateak esan du, ekintza hau Udalak duela urteak hiriko memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin hasitako lanaren barruan dagoela.

Udal Memoria Historikoaren Kontseilu Sektorialeko lantaldeak egindako ikerkaetaren bidez, txosten bat egin da, heriotza eragin duten eta bere eskubideen urraketa jasan duten 24 udal langile eta kargu publikoen kasuekin. Behin txostena ezagututa, Udalak udal langile eta kargu publiko horietako hainbat familiarekin harremanetan jartzea lortu du, eta jakinarazi die euren senideen eskubideak aitortzeko eta berrezartzeko asmoa duela.

Horiek horrela, Goiak honakoa azpimarratu du: “Ikerketa lan hauei guztiei esker, hain zuzen ere, memoria historikoaren arloan lan egiten duten hainbat entitatek eta elkartek garatutako proiektuei esker, hiriko historian garrantzi handia izan zuen denboraldi bat gogora ekarri eta ezagutzera emateko pausoak ematen ari gara”.

Horrenbestez, behin ikusita beharrezkoa dela kereila aurkezteko eta defendatzeko gaian aditua den abokatua kontratatzea, Tokiko Gobernu Batzordeak adostu du zerbitzu horiek kontratatzea adostutako akusazioa egiteko. Eta zerbitzu horiek honakoak dira: ordezkaritza prozesala eta laguntza teknikoa.

Lugaritz eremuko urbanizazio proiektua

Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onarpena eman dio Lugaritz eremuko urbanizazio proiektuari. Eta proiektu honi esker Zarautz kalea eta Pinu Bidearen artean dagoen kota ezberdintasunari aurre egitea lortuko zaio. Horretarako, hiru igogailu eta bi pasabide publiko eraikiko dira.

Igogailu hauen eraikitzea Matia Fundazioak egingo du, eremu horretan 51 adinekoentzako bizitoki eraikitzeko proiektuaren barruan. Igogailuak eta pasabideak egiteko aurrekontua 2,6 milioi eurokoa da, eta Matia Fundazioak ordainduko ditu eremuaren urbanizazio karga moduan.

PSISZrentzat ibilgailuak

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, Euskoauto 2003 SL enpresari esleitzea PSISZ bi ibilgailuz hornitzeko kontratua. Ibilgailuak segidakoak dira: mendi erreskaterako 4x4 ibilgailu bat eta lur orotako agintetzako ibilgailu bat

Esleipenaren prezioa 118.262 eurokoa da, eta enpresa esleipendunak 12 hilabeteko epea izango du zerbitzua bi ibilgailu horiekin hornitzeko.

2022/08/02-an argitaratua