Dbusek baieztatu du aireztapena hobetzeko ezarritako neurriak egokiak direla

Airearen berriztapena eta kalitatea zerbitzuan zehar aztertu ondoren

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien barruan, Dbusek autobusetako aire berriztapena eta CO2 kontzentrazioa aztertu ditu, autobusak benetako zerbitzua ematen ari ziren bitartean, hau da, erabiltzaileak autobus barruan zeuden bitartean. Azterketa hori egiteko neurketa ekipo eramangarriak eta flotako ibilgailuetan instalatutako zundak erabili dira, garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen eta garraio publikoan lanean ari diren pertsonen segurtasunaren alde lan egiten jarraitzeko.

Azterketan zerbitzuaren baldintza guztiak hartu dira kontuan, okupazio mailarik handieneko lineak eta ordu tarteak sartuta, bai eta Dbuseko flotako ibilgailu mota guztien ezaugarriak ere (mikrobusak eta 12 eta 18 metroko autobusak). Azterketa Efinerrek egin du. Efizientzia energetikoan aditua den aholkularitza enpresa bat da eta airearen kalitatea monitorizatzeko hainbat proiektu egin ditu.

Azterketa horretatik ateratzen den ondorioa da Dbuseko autobusetan, okupaziorik handieneko egoeretan, airea 13 segundoan behin berritzen dela, hau da, minutuko 5 aldiz gutxi gorabehera. Tasa hori gomendatzen den aire berritzearen tasa baino 9-10 aldiz handiagoa da. Geltokietan ateak irekiz eta ibilgailuko leihatilak eta sabai leihoak irekiz lortzen den aireztapenarekin eta ibilgailuaren aireztapen eta klimatizazio sistemekin lortzen da aire berritzearen tasa handi hori.

Airearen kalitateari dagokionez, azterketatik ondorioztatzen da kalitate ona dela. Hiri autobus baten barruko CO2 mailak etxebizitza baten barruan batez beste dauden mailak baino %54 txikiagoak dira, eta bulego batean edo denda batean batez beste dauden kontzentrazioak baino %30 txikiagoak.

Horrenbestez, Donostian egindako neurketen emaitzek berresten dute Dbuseko autobusetan aireztapena egokia dela eta duela hilabete batzuk ezarri ziren neurriek ondo funtzionatzen dutela. Beraz, autobusa garraio segurua da hirian mugitzeko.

Autobusetako aireztapena


Dbuseko autobusek etengabeko aireztapena dute zerbitzua ematen ari diren bitartean, geltokietan ibilgailuaren ate guztiak irekiz eta itxiz eta lehen orduan kotxetegietatik ateratzen den unetik ibilgailuaren leiho eta sabai leiho guztiak irekiz airea une oro sartzen baitzaie. Gainera, egun osoan ahalik eta gehien aireztatu ahal izateko, erabiltzaileei eskatzen zaie leihoak irekita edukitzeko.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/03/17-an argitaratua