Zatoz gurekin Euskara ospatzera!

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak erromeria eskeiniko du abenduaren 2an Intxaurrondon arratsaldeko 18:30etan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Urtero bezala, bihar abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, Euskal Herriko lurraldean hitz egiten den euskarari eskainitako urteroko ospakizuna hain zuzen. Euskaraldiari, aldiz, abenduaren 2an amaiera emango zaio. Horiek horrela astean zehar hainbat eragileren artean antolatu diren ekimenak gauzatuko dira.


Donostiako kaleak ahobizi eta belarriprest roletan aritu diren herritarrez bete dira aurtengo Euskaraldian, euskarari bultzada bat emanez eta ohitura berriak sortuz. Ostiralean amaiera emango zaio ariketa sozial masibo honi eta larunbatean, Euskaraldiaren amaierarekin bat eginez, Euskararen Eguna ospatuko da.


Ondorioz, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Euskaraldiari amaiera emateko eta era berean Euskararen Eguna elkarrekin ospatzeko ekitaldia antolatu nahi izan du.


Hortaz, abenduaren 2an arratsaldeko 18:30etan hasiko den doako erromeria antolatu du Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan. Han, ekitaldi berezi bat eskaintzeko irrikitan, Eskolako Euskal Dantza irakasle eta ikasleak eta noski baita Trikitixakoak ere izango ditugu. Gainera, guzti horri erritmoa jartzeko Eskolako baxu eta bateria irakasleak gerturatuko dira bertara.


Historia pixka bat


Euskararen lehen eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen eta bizi zen errealitate politikoa zela eta, Iparraldean bakarrik ospatu ahal izan zen, baina bere ospakizuna ez zen 1995era arte instituzionalizatu.


Ordutik aurrera, Euskararen Nazioarteko Eguna urtero ospatzen da abenduaren 3an, Xabierko San Frantziskoren egunean. Santua 1552ko abenduaren 3an hil zen eta, tradizioak dioenez, bere azken hitzak euskaraz izan ziren.


Gaur guri dagokigu egun hau ospatzea. Giro onean Euskarari omenaldia egiteko ekitaldi ezinhobea izango da biharkoa. Zatozte eta ospatu gurekin eguna!


Informazio gehiago: www.donostiaeskola.eus

Erlazionatutako dokumentuak

2022/12/01-an argitaratua