Martxoaren 8a ospatzeko agenda

Hamaika ekintza aldarrikapenerako eta ospakizunerako

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Igandean, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da. Aldarrikapenerako egun hori beharrezkoa zaigu eskubide berdintasuna eskatzeko, soldata arraila desagerrarazteko, eta sexu erasoak behingoz amaitzeko, besteak beste.

Aurten ere hainbat jarduera antolatu dira martxoaren 8aren harira. Aste bukaeran, udaletxeko argiztapena morea izango da, eta Donostiako Udalak eta Berdintasuneko Kontseiluak parte hartuko dute mugimendu feministak antolatu duen manifestazioan, Boulevarrean 18:00etan.

Horrez gain, Berdintasuneko Kontseiluak honako adierazpena onartu du.

Egitarau zabala

Antolatutako ekimen guztiak eskuorri batean bildu dira. Donostiako Haurtxokoek eta Gaztelekuek, Donostia Kulturak, Berdintasuneko Departamentuak, emakumeen elkarteek eta mugimendu feministak askotariko jarduerak antolatu dituzte. Aurten, egitarau osoa biltzen duen kartela Concetta Probanza diseinatzaileak egin du.

Berdintasuneko Departamentuan, autodefentsa feminista lan ildo garrantzitsu bat da. Tailerrak antolatzen dira, eta, haietan, indarkeria matxistak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko lan egiten da. Donostiako Emakumeen Etxearen webgunean izena eman daiteke tailer horietan.

Gazteriako Departamentuak jarduerak antolatu ditu Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarean, dagozkion adin tarteetara egokituak. Ekintza guztiek helburu hauek dituzte: emakumeen ekarpenak ezagutzea, erreferenteak diren emakumeak ikusgai egitea, eta bereizkeria kasuak identifikatzea.

Kultur etxeen sareak ere egitaraua osatu du sarritan, emakumeen elkarteek eta auzoetako talde feministek lagunduta. Egitarauaren barnean, hitzaldiak, zine proiekzioak, musika kontzertuak, eta hainbat erakusketa jaso dira, eta bertako informazioa Donostiako Kulturaren webgunean ikus daiteke.

Moldaketak eskuko egitarauan

Oharra: xehetasunak, eskuko egitaraua dela eta.
  • Gladysen leihoa filma Loiolako Kultur Etxean, martxoaren 12an, 19:15ean.
  • Las Pitiuseren taldearen Qué contamos cuando contamos antzezlana martxoaren 5ean izango da Larratxon, ez martxoaren 9an.

2020/03/06-an argitaratua