Ekintzaz beteriko asteburua Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak
Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak, Bagera Elkartearen laguntzaz, erromeria eskainiko du larunbatean Plaza Berrian 18:30ean
- Donostiako Udalaren txistulari taldeak, Bagera Elkartearen laguntzaz, erromeria eskainiko du larunbatean Plaza Berrian 18:30ean. Askotariko dantzak ikasi eta dantzatzeko aukera eskainiko du udal taldeak.
- Igandean, ohiko kontzertua eskainiko dute 12:15ean hasita Plaza Berrian bertan.
Bagera Elkarteak eta Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak antolatuta euskal dantza tradizionalen inguruko erromeria ospatuko da larunbatean Plaza Berrian, 18:30ean hasita. Taldeak kalejira, fandango, arin-arin, muxiko, polka eta beste dantza abar luzea ikasi eta dantzatzeko tartea sortuko du Aitziber Ayesta eta Irati Riaño animatzaileen laguntzaz.
Donostiako Udalaren Txistulari Taldea, Euskal kulturak bere hiru zuloko instrumentuari atera dion, eta gaur egun ere ateratzen dion, etekina erakusteko erakunderik egokiena da zalantzarik gabe, seguruenez, baita Euskal Herriko garrantzitsuena ere. Juan Ignacio de Iztueta folkloristaren testigantzari esker, badakigu Donostiakoak kalitate handiko txistulariak izan direla XIX. mendeaz geroztik behinik behin.
Bere jardunen artean, hiria musikaz hornitzea dute txistulariek eta lan horretan ariko dira asteburuan ere; larunbatean 9:00etan diana eskainiko dute Amara Berri egunaren baitan, 12:00etan Kantujirarekin batera ariko dira abeslarientzako oinarri musikala eskainiz eta azkenik, arratsaldean, erromeria eskainiko dute 18:30etatik aurrera Plaza Berrian. Igandean berriz, ohiko martxan diana eskainiko dute erdiguneko kaleetan 9etatik aurrera eta kontzertua Plaza Berriko arkupeetan 12:15ean.
2024/10/16-an argitaratua