Parketarrak: Donostiak euskaraz jolasteko 22 gune izango ditu
Martxoaren 3tik 21era egingo da hiriko 17 auzotan
Parketarrak egitasmoari esker, euskaraz jolasteko aukera izango da martxoaren 3an hasi eta 21era arte,
astelehenetik ostiralera, Donostiako 22 jolasgunetan!
Hain zuzen,
Donostiako 17 auzotako parke eta jolaslekutan aurrera antolatuko dira euskarazko jolas dinamizatuak: Aiete, Altza Herrera, Altza Casares, Antigua, Añorga, Amara Olaeta, Amara Araba parkea, Amara Rafael Ruiz Balerdi pl., Bidebieta, Easo-Arroka pl., Egia Martin Santos pl., Egia Atotxa Zelaia pl., Gros Katalunia pl, Gros Nafarroa Behera pl, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra Zuloaga pl., Txomiñenea eta Zubieta.
Jolasa da Parketarrak jardueraren funtsa, erreminta ezin hobea delako hizkuntza barneratzeko, eta jolasguneetan jartzen diren dinamizatzaileek gidatzen dute ekimena. Adinaren eta parte-hartzaile kopuruaren arabera, bi talde egingo dira: Zabu Zibu taldea 3-5 urte arteko haur eta arduradunekin; eta Txirrintxon izenekoa, 6-9 urte bitarteko umeekin.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek antolatzen dute jarduera hau, hizkuntzaren erabilera aisialdian indartzeko asmoz. Parketarrak egitasmoa jolasgunetan antolatzen da, haurrak eta familiak kalean jolasean dabiltzanean, euskaraz aritu daitezen. Egitasmoa urteko hiru sasoietan antolatzen da: martxoan, maiatzean eta urrian.
Eskola orduz kanpoko jardunaren garrantzia
Haurraren lehenengo hilabete eta urteetan garrantzitsua da etxeko giroan euskarari tokia ematea eta arlo ludikoan ere erabiltzea. Gero, umea handitzen doan heinean, harreman sareak eratzen hasten da, eta, une horretan ere, oso garrantzitsua da laguntxoekin euskaraz ongi pasatzeko aukerak izatea, lagunarteko hizkera indartzea eta komunikazio-ohiturak euskaraz eraikitzea ezagutzen dituzten pertsona eta harreman-sare berriekin.
Parketarrak egitasmoak horretan laguntzeko baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei. Izan ere, Parketarrak jardueraren dinamizatzaileek erakutsiko dizkieten jolas edo jarduera horiek beste edozein unetan ere erabil ditzakete, kalean nahiz etxean. Gainera, helduek ere, parkean dauden bitartean, euskaraz egiten dute.
Joan den urriko txandako parte-hartzea
Parketarraken aurreko txanda joan den urrian izan zen eta hiru astez 66 saio antolatu ziren. Zehazki, 1.011 haur eta 240 guraso edota tutorek parte hartu zuten iazko urriko saioetan. Kopuru horiek jarduera erakargarria dela adierazten dute, eta, 2024an, guraso kopuruak gora egin zuen, aurreko urteekin alderatuta.
Gurasoek ere 3-5 urte arteko haurrekin parte hartzen dute. Umeek oso gustuko izaten dute gurasoekin taldean aritzea, transmisioa sendotzen da elkarrekin jolastean, eta, gainera, beren arteko loturak estutzen dira. Beraz, animatu eta parte hartu Parketarrak jardueran!
2025/02/28-an argitaratua