Zutabeak arrakalatzen: etxebizitza eta generoa

Urriaren 31n 11:30ean Kutxa Kultur Plazan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Bizitza proiektuari ekiteko etxebizitza euskarrietako bat da. Ereduak anitzak badira ere,
erronka berdina dute ia guztiek: ohiko egitura jarraitzen dute, oinarri androzentriko eta
patriarkalaren arabera eraiki dira. Hausnarketa sustatzeaz gain, beste era bateko
proposamenak jorratzeko antolatu dugu #ZutabeakArrakalatzen ekitaldia, urriaren 31n,
Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, 11:30etik 13:00etara. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin
antolatu da, Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udaleko Donostia Gazteriarekin
elkarlanean.

Ekitaldi honen bitartez, iaz EGK-k eta Udaleko Donostia Gazteriak gazteen emantzipazioa
errazteko lanari jarraipena eman nahi zaio, genero-ikuspegia txertatuz. Gizartea aldatzen
doan heinean berau osatzen dutenen beharrak ere moldatuz doaz, baita familia ereduak
ere. Horregatik, ekimenean, konfinamenduak agerian jarritako hausnarketak aztertuko dira
Oihane Ruiz Menendez arkitekto urbanista feminista, Kalea(n) Bizi arkitektura elkartea eta
Abaraska etxebizitza kooperatiboaren laguntzarekin.

Topaketak bi atal izango ditu. Lehenik hiru zatitan banatutako mahai ingurua izango dugu.
Hizlariek etxebizitza eta generoaren azpigaiei buruzko ikuspuntua elkarbanatuko dute:
COVID-19aren ondorioz eman diren hausnarketak, elkarbizitza ereduak eta etxebizitza
nahiz segurtasuna. Ostean, tailer bat egingo dugu hitz egindakoaz hausnartzeko eta
proposamenak garatzeko.

Osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko aldez aurretik izen-ematea eta musukoaren
erabilera beharrezkoak izango dira. Aurtengo ekitaldian interesa duten pertsonek honako
bide hauek jarraituz eman dezakete izena:

 Galdetegia: https://forms.gle/QphtQ7LnYoMwDXBo7
 Telefono zenbakia: 688737092 (Luisa) / 615749929 (Irati)
 Posta elektronikoa: etxebizitza@egk.eus / berdintasuna@egk.eus

2020/10/13-an argitaratua