Erdialdea, Antigua, Intxaurrondo eta Amara Goizaldiak zerbitzura gehitu dira

Zortzi auzo izango dira astean hiru egunetan eskaintzera pasako den programa honen onuradunak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Irailaren 12tik aurrera Erdialdea, Antigua, Intxaurrondo eta Amara auzoek bat egingo dute Goizaldiak eguneko arreta zerbitzuarekin. Halaber, prestazio honen onuradun izaten jarraituko dute Egia, Bidebieta, Altza eta Gros auzoek.

Programaren erabiltzaileen errealitatera eta beharretara egokitzeko asmoz, Goizaldiak programa astean hiru egunetan eskainiko da, bost egunetan eskaini beharrean, eta betiere aurrez aurre.

Gizarte Ekintza zinegotzi Aitziber San Romanen hitzetan, “kontut ditugu erabiltzaileen egoera eta asmo desberdinak. Asteko bost egunetan dagokion zentrora joateko konpromisoa hartzea arazo bat zen parte hartzera animatzeko orduan”.

Eguneko arreta 2015etik

Goizaldiak eguneko arreta-zerbitzua 2015ean hasi zen Donostian. Erretiratuen etxeetan garatzen ari da; izan ere, zentro hauek kudeatzen dituzten adineko erretiratuen elkarteek jarduerak antolatzen dituzte, eta konfiantzazko ingurune bat eskaintzen diete hurbiltzen zaizkien adinekoei, non gustura sentitzen diren eta beren gizarte-bizitza hobetu dezaketen.

Goizaldiak adineko pertsona hauskorrei, isolatuta daudenei edo mendetasun ertaineko egoeran daudenei zuzenduta dago. (tramitea ikusi)

  • Udaleko Gizarte Ekintzako Zuzendaritzaren bitartez eskainitako eguneko arreta-zerbitzu honek
  • adinekoekin topo egiteko guneak,
  • memoria-entrenamendurako ariketak eta gaitasun kognitiboak mantentzeko ariketak eskaintzen ditu
  • Era berean, osasun fisikoa eta funtzionala hobetzeko entrenamendua eskaintzen du, gimnasia egokituaren, erlaxazio-ariketen, eskulan-ariketen edo terapia okupazionalaren bidez.
  • Baita solasaldi edo elkarrizketarako guneak eta ingurune hurbil eta komunitariora txangoak ere.

Goizaldiak zerbitzuan parte hartzeko, beharrezkoa da eskatzaileari dagokion gizarte-zerbitzuen zentrora joatea, hitzordua eskatzea eta gizarte-langilearengana jotzea, zerbitzu horretan sartzeko eskaera izapidetzeko behar den laguntza guztia emango baitu.

Ubikare, adinekoen eta mendeko pertsonen zaintza eta osasun zerbitzu integrala, izango da zerbitzua emango duen enpresa.

2022/09/07-an argitaratua