Euskal Trenbide Sarea,
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko erakunde publikoa, topoaren trenbide saihesbidearen obrekin aurrera doa Donostiako San Bartolome kaleko azken zatian, zehazki Easo eta Urbieta artean.
Hori dela eta,
ibilgailuen zirkulazioa eten beharko da urriaren 2tik aurrera tarte horretan. Puntu horren zirkulazioa murriztuta zegoen jada duela hilabete baino gehiagotik, leku horretan egiten ari diren lanengatik.
- Horrela, Aldapetatik jaisten diren ibilgailuek ezkerrerantz biratu beharko dute nahitaez Easotik.
- Ibilbidea Amarako noranzkoan egin nahi dutenek Arrasate kaleraino joan beharko dute Urbieta kalera iristeko.
Oraingo honetan, Easo – San Martin izkinan lanean aritu den piloteak jartzen dituen makina San Bartolomera eraman da, Erdialdea - Kontxa etorkizuneko geltokian larrialdiko aireztapen galeria bat eraikitzeko behar diren piloteak jartzera. Obraren perimetroari esker,
mozketak irauten duen bitartean oinezkoak espaloietatik igaro ahal izango dira. Lanak sei hilabete inguru iraungo du, gutxi gorabehera, lehen fase batean.
Topoaren saihesbidearen trazadura berriak 4,2 kilometroko luzera du, Lugaritzeko geltokian hasten da eta Morlanseko lurpeko tartean amaitzen da. Proiektuak
hiru geltoki berri aurreikusten ditu:
- Bentaberri-Antiguo
- Erdialdea-Kontxa
- Easo (Amarako egungo terminala ordezkatuko duena)
Easo kalea
Honetaz gain, ETSk Easo kaleko 10. zenbakiaren inguruan lanekin jarraituko du igogailu berriaren eraikuntzarekin; beraz, espaloia eta errepide zati bat itxi egingo dira urriaren 3tik aurrera abendura arte. Tarte horretan bide bakarra egongo da ibilgailuentzat eta autobusentzat.
Lanek Easo inguruko ohiko zirkulazio fluxuari eragiten jarraituko dutenez, San Martin kaleko Urbieta eta Easo arteko zatia ibilgailu pribatuarentzat itxita mantenduko da oraingoz, baina obrak egin diren hilabeteetan baliogabetutako oinezkoentzako pasabideak berreskuratuko dira.
Dbus
Aldaketa horiek eragina izaten jarraituko dute autobusetan, eta, beraz:
- Gernikako Arbola eta Etxaide pasealekura desbideratutako lineek (21-Mutualitateak-Anoeta, 28-Amara-Ospitaleak, 36-San Roke-Aldakonea eta 37-Rodil-Zorroaga) gaur egungo ibilbidea mantenduko dute oraingoz.
- 19-Aiete-Bera Bera, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza eta B2-Aiete-Bera Bera lineen geltokiari dagokionez, jatorrizko kokalekura itzuliko da; Easo, 27.
- 23-Errondo-Puio eta 32-Puio Errondo lineek Easo, Askatasunaren hiribidea eta Urbietatik jarraituko dute, Easo 27an geratuz eta azken geltokia Urbieta 38an mantenduz.