Zazpi danborrada berri aterako dira eta Konstituzio plazako bandera igoeran Danbor Nagusi berria egongo da
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Kultura zinegotzi Jon Insaustik 2025eko helduen danborrada aurkeztu dute gaur goizean. Aurtengo danborradari zazpi danborrada berri gehituko zaizkio, eta beraz, guztira 167 danborradek eta 22.736 pertsonak parte hartuko dute inoiz izan den San Sebastian egun jendetsuenean.
Aurten soilik gizonezkoak diren bi danborrada baino ez dira aterako (Tamborrada Club Cantábrico eta Aizepe Danborrada), eta emakumez bakarrik osatutako bakarra (Emakumeen Etxea Elkartea). Izan ere, Amigos del Europa, Amigos del Antonio Bar eta Gizartea danborradak mistoak izatera pasa dira. Hortaz, danborraden %98,2 mistoak dira. Guztira, 12.096 gizon (%53,21) eta 10.640 emakume (%46,79) aterako dira helduen danborradetan.
Konstituzio plazan ere nobedadea egongo da. Aurten ez da Jose Ramon Mendizabal arituko Gaztelubideko Danbor Nagusi, osasun arrazoiak direla-eta. Gonzalo Aldanondok ordezkatuko du Mendizabal. Esperientzia handiko gizona da Aldanondo, eta Danborradarekin lotura oso handia duen familia du, izan ere, Gaztelubide Danborradako Urketari Nagusi Marta Aldanondoren anaia da.
167 danborradak hiriko auzo guztietatik banatuta daude, ordutegi eta ibilbide ezberdinekin. Horri esker 24 orduetan ez da egongo atsedena hartzeko unerik. Erdialdea da danborrada gehien dituen auzoa (32), jarraian Antigua dago (30), Parte Zaharrean 26 danborrada aritzen dira, Gros auzoan 25, Amara-Loiolako Erriberak-Morlans azuoetan 24, Altza-Bidebieta-Intxaurrondon 20, eta Loiola-Egia-Martutene auzoetan 10.
Aurtengo ediziotik hasita, Udalak gorbata berezia oparituko dio urteurren “borobila” egiten duen danborrada orori, euren estandartean eramateko. Gorbatan segidakoa ikusi eta irakurri hal izango da: “Donostiako danborrada”, hiriaren armarria, Danborradaren izena, sorreraren data eta ospatuko den edizioaren data.
Club Vasco de Camping Elkarteak 75. urteurrena egingo du aurten, eta ospakizun horrekin bat egiteko Donostiako alkateak San Sebastian eguna pasa eta hurrengo egunetan elkartearen egoitzan emango die bandera. Ohi denez, bandera bordatua egongo da segidako testuarekin: “Hau da 2025eko urtarrilaren 20an Konstituzio plazan igotako eta jaitsitako bandera”.
Erlazionatutako dokumentuak
2025/01/16-an argitaratua