Udal Artxiboak ateak ireki ditu Blas de Otero plazako egoitza berrian

Ordutegia astelehenetik ostiralera da, 09:00etatik 14:00etara, eta ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Martxoaren 16tik aurrera, Udal Artxiboak egoitza berriko ateak irekiko ditu Blas de Otero plazan (Egia). Instalazioak egokitu ondoren, hiritarrak artatuko ditu, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua hartzea. Hitzordua 943 481053 telefonoan edo Udalaren web orrian eska daiteke.

Dokumentu funtsak lekualdatzen ari direnez gero, pertsona eta egun bakoitzeko bi dokumentu unitate bakarrik eskatu ahal izango dira. Kontsulta Aretoan bederatzi postu besterik ez da egongo, pandemiaren eboluzioak bestela aholkatu arte.

Instalazioak eta agiriak erabiltzeko arauak

• Adierazitako orduan, Artxiboko sarreran egongo da pertsona hori, maskaraz hornituta, eta eraikinean egoten den bitartean, ez du kendu beharko. Eskura izango ditu gel hidroalkoholikoa eta eskularruak, eta horiek ere erabili beharrean egongo da. Poltsak, karpetak eta bestelako gauza pertsonalak utziko ditu horretarako dauden armairutxoetan.

• Herritarren esku jarritako gailuak erabili baino lehen, eskuak desinfektatu egin behar dituzte erabiltzaileek, hartarako, gel hidroalkoholikoa izango dute eskuragarri. Erabiltzaileek, betiere, beren ekipamenduak eta baliabide pertsonalak erabil ditzakete, sarera konektaturik, Kontsulta Aretoan dauden bitartean.

• Isolatuta geratuko dira erabiltzaileek agiritegian bertan eskuratzen dituzten artxiboetako agiri eta materialak, eta ezingo ditu inork berriro erabili 10 egun igaro arte.

• Erabiltzaileak dokumentu berak kontsultatzen jarraitu nahi badu (hurrengo egunetan, betiere, elkarren segidan), edukiontziak emango dizkiote, dokumentuak Kontsulta Aretoan gorde, isolatu eta pertsona hark erabil ditzan; hartara, berriro kontsultatu ahal izango ditu lehen aipatutako gutxieneko isolamendu aldia zertan igaro gabe.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/03/15-an argitaratua