Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Kontrolerako Sareak jakinarazi du
partikulen kontzentrazioa igo egin dela Euskadi mailan, Iberiar penintsula osora Saharako basamortutik sartutako hautsa dela eta.
Donostian igande gauean hasi ziren partikulak igotzen eta
maila altuena gaur eta bihar artean ematea aurreikusten da. Momentuz Easoko estazioan, hiriko erdialdean, soilik neurtu da igoera baina oso litekeena da hiriko eremu guztietara zabaltzea. Izan ere, kanpotik datozen partikulak hirian bertan sortutakoei gehitzen zaizkie eta trafiko gehien dagoen eremuetan antzematen da lehenik.
Beraz, Donostian partikula maila altuak espero dira ekainaren 10etik 11ra bitartean.
Hori dela eta, aire zabalean esfortzu fisiko handiko jarduerarik ez egitea gomendatzen dugu.
Gainera, ahal den heinean, auto partikularrak erabili beharrean garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dugu; izan ere, autoek partikula mailak igotzen dituzte.
Asteazken arratsalde amaieran haizearen norabidea aldatu egingo da eta, honela, partikulak barreiatu eta espero dugu eguratsa garbitzea.
Partikula finak
Kasu honetan airean esekita dauden partikula finenak, 2,5 mikratik beherako diametroa dutenak, dira gehien igo direnak. Partikula horien jatorria anitza da baina hirietan diesel motordun ibilgailuak dira iturri nagusia.
Partikula horiek osasunean eragin nabarmena izan dezakete. Izan ere, arnasbideetatik zirkulazio sistemara heldu daitezke. Eragin hori are nabarmenagoa da aurrez zirkulazio sisteman edo arnasbideetan arazo kronikoa ituzten pertsonengan.
Talde kalteberak
Bestalde, talde kalteberei, bereziki kanpoan esfortzu fisiko handiak ekiditeko eskatzen dizuegu. Talde horretan daude:
- Haurrak
- Fisikoki aktiboak diren pertsona helduak, aire zabalean eta denbora luzez jarduera fisikoa edo lana gogor egiten dutenak
- Pertsona asmatikoak edo beste arnas arazoren bat dutenak, eta adinekoak
Hurrengo orduetan eta egunetan hirian neurtzen diren partikula mailen jarraipena egingo da eta iragarpenean aldaketarik balego aditzera emango dizuegu.