'Parketarrak', euskaraz jolasean aritzeko ekimena irailaren 26tik urriaren 19ra egingo da

Egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan antolatuko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, “Parketarrak“ izeneko egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan antolatuko da iraila-urria bitartean. Lehen saioak irailaren 26an hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Altzan. Hortik aurrera, urriaren 19ra arte, hiriko auzoetako hainbat parke eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera eskainiko da doan.

“Parketarrak” ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Egitasmo hau bi programatan banatuta dago:

  • bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa
  • eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.

Pasa den maiatzean 713 haurrek eta 217 gurasok parte hartu zuten

Maiatzean antolatutako saioek harrera ona izan zuten:
  • 736 haurrek eta 217 gurasok parte hartu zuten.
  • Guztira, 99 saio antolatu ziren.

Saioetan parte hartu zuten gurasoek oso ondo balioetsi dute ekimena. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere bai: flopi-flopi, sardinak latan, txorimalo, baloi eseria eta abar. Gainera, kalean euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira.

Aurten, egitasmoa 17 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondon.

Donostiako auzo gehienetan euskara batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako “Parketarrak” ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

Eskola orduz kanpoko euskarazko jardueretan parte hartzearen garrantzia

Haurrak euskaldundu eta euskara erabili dezaten ikastetxean egiten den lana osatzera dator Parketarrak. Jon Insausti kulturako eta euskarako zinegotziak nabarmendu du eskola orduz kanpoko euskarazko jardueren garrantzia. “Udalaren egitekoa da haurrentzako euskarazko jarduerak antolatzea eta horretan dihardugu. Baina horrekin batera, gurasoak sentsibilizatu behar ditugu beraien seme-alabak euskarazko ekintzetara eraman ditzaten, eskolaz kanpo ere, lagunartean, euskaraz bizi daitezen”.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/09/23-an argitaratua