BaLoratu, Donostiako merkataritza lore artean

Apirilaren 1etik 10era, Alde Zaharreko Kale Nagusia, Narrika eta San Jeronimo kaleek dekorazio eta animazio bereziak izango dituzte.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostia Sustapenak "Zaharrean"ekin eta "Donosti ShopS"ekin batera antolatua, apirilaren 1etik 10era Kale Nagusira, Narrikara eta San Jeronimora joango diren donostiarrei eta bisitariei ezusteko ederra emango die BaLoratu proiektu pilotuak.

Marisol Garmendia Garapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotziaren esanetan, "Europako Funtsekin % 80an kofinantzatuta eta toki erakundeekin elkarlanean, proiektu pilotu honen helburu nagusia erosketa berezi, atsegin eta erakargarrien ibilbideak sortzea da, tokiko negozioen jarduera bultzatzeko. BaLoratuk Alde Zaharreko merkataritza-guneetara doazen bisitarien esperientzia hobetzen lagunduko du, kaleak lorekin edertuz eta merkataritza-gune irekiaren sentsazioa sorraraziz".

Alde Zaharreko Kale Nagusian, Narrikan eta San Jeronimoan egingo diren esperientzia pilotu honen jarduera nagusiak honako hauek izango dira:

- Lore apaindura: askotariko lore konposizioak konbinatuz.

- Kaleko merkataritza: Alde Zaharreko 35 saltoki baino gehiagoren lankidetzarekin, beren produktuak bide publikoan erakutsiz.

- Kale animazioa: zuzeneko emanaldiek kaleak girotu egingo dituzte, paseatzera eta saltokiak bisitatzera gonbidatuko duen jai giroa sorraraziz (ikus agenda).

- Argazki lehiaketa: parte hartzen duten saltokiak eta, oro har, Alde Zaharra ezagutarazten eta ikusarazten lagunduko du, DSS Market Plaza plataforman kontsumitu beharreko erosketa-bonuak zozketatuz.

Proiektu pilotu hau "Donostia Open Dendak" proiektuaren barruan sartuta dago eta, horren inpaktua ebaluatzeko asmoz, Alde Zaharrean sentsoreak jarriko dira jendearen joan-etorriak, oinezko fluxuak, e.a. neurtzeko. Horrez gain, proiektuaren finantzaketari esker, mota horretako jarduerak erreplikatu ahal izango dira Donostiako hainbat auzotan.

2023/03/31-an argitaratua