Haurtxokoetan ohitura osasungarriak sustatzea minbizia bezalako gaixotasunak prebenitzeko
Azaroan eta abenduan hiru saio egingo dira haurtxoko bakoitzean; horietatik bi haurrekin, eta hirugarrena familiekin
Donostiako haurtxokoen udal-sareak eta Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak hainbat jarduera garatuko dituzte haurren artean osasuna modu dibertigarri eta hezigarrian sustatzeko.
“
Jarduerak Ekimen osasungarriak abian programaren barruan kokatzen dira, eta helburua da haurrei erakustea bizitza-ohitura osasungarriek, askotan, gaixotasunak prebenitu ditzaketela, besteak beste minbizia. Azken batean, ingurune osasungarriagoak lortu nahi dira, eguneroko bizi-ohiturak aldatuz", adierazi du Iñigo García Gazteriako zinegotziak.
Udal-haurtxokoetan egingo diren jardueren programan haurrek eta haien gurasoek hartuko dute parte. Saio ludiko eta dibertigarriak dira, eta jolasa da mezua helarazteko tresna. Hain zuzen, mapa baten bidez, ibilbide dibertigarri eta ludiko bat egingo da, eta diplomak ere izango dira.
Alde batetik, elikadura landuko da, haurrek elikagai osasungarrien kontsumoa areagotu dezaten, eta gutxi edo batere osasungarriak ez diren elikagaien kontsumoa murriztu dezaten; era berean, ariketa fisikoa sustatuko da.
Azaroan eta abenduan hiru saio egingo dira haurtxoko bakoitzean; horietatik bi haurrekin, eta hirugarrena familiekin. Antiguan, berriz, bi saio egingo dira. Lehenengo saioan, bi dinamika egingo dira, ariketa fisikoan oinarrituak. Saioak ordubete iraungo du. Bigarren saioa eskerrak ematekoa izango da. Bertan, haurrek diplomak eta txapak banatu ahal izango dituzte, eta haiekin prestatutako askari osasungarri bat dastatu.
Gurasoentzat egingo den saioa Familiarekin Jolasean programaren barruan jorratuko da. Helburua da hausnarketa-saio bat izatea, elikatzeko eta erosteko modua nola aldatu den azaltzeko. Saio hori larunbat batean egingo da, haurtxoko bakoitzean.
Material guztia Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak jarriko du (mapak, diplomak, txapak...). Haurtxokoetako hezitzaileek dinamizatuko dituzte jarduera guztiak.
2024/11/20-an argitaratua