Ekainak 9 eta 10: TOP14 errugbi finalerdiak

Trafiko neurriak, egoiliarrentzako informazioa eta garraio publiko zerbitzuak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Frantziako hainbat tokitatik zale ugari iritsiko dira hurrengo ostiralean eta larunbatean Frantziako Errugbi Ligako TOP14ko finalerdiak ikustera. Hori dela-eta hainbat aldaketa egongo dira hiriko mugikortasunean eta aparkalekuetan.

Donostiako Udalak aditzera eman du segidako neurriak hartuko dituela:

Hirirako sarrerak

Donostiako Udalak gomendatzen du, ostiralean, ekainaren 9an, zein larunbatean, ekainaren 10ean, hirira iristeko garraio publikoa erabiltzea. Iparralde/Frantziatik etorriko diren zaleei gomendatzen die Euskontrenen bidez egitea, bai Hendaiako geltokitik, bai ibilgailua Irungo Ficobako doako aparkalekuan utziz eta trena Santiago zubiko geltokian hartuta. Euskotrenek zerbitzu bereziak jarriko ditu bi egun horietarako.

Hirira ibilgailuan iritsi nahi diren zaleek kontuan hartu beharko dute hilaren 9an, ostiralean, eta hilaren 10ean, larunbatean, hainbat trafiko mozketa egingo direla hiriaren sarreretan. Helburua da, garrio publikoaren funtzionamendu arrunta eta segurtasun- zein larrialdi-zerbitzuen erantzun- denbora ona bermatzea.

Ostirala, ekainak 9: ostiralean, 11:00etatik 18:00etara mugikortasun-agenteek hiriko sarbideak kontrolatutako dituzte, bai Ekialdean, baita Mendebaldean eta Hegoaldean ere. Hortaz, Erdialdean eta Grosen dauden aparkalekuak betetzen direnean, trafikoa moztuko da Ekialdean, Ategorrietako biribilgunean; Hegoaldean, Pio XII.aren parean, eta Agirre lehendakariaren zubian; eta Mendebaldean, Aieteko pasealekuan eta Zumalakarregi etorbidean.

Larunbata, ekainak 10: ostiraleko mozketak errepikatuko dira, baina kasu honetan larunbateko ordutegia 9:00etatik 16:00etara izango da.

Bi kasuetan, bertakoek, zamalanak egin behar dituztenek, larrialdi-zerbitzuek eta hoteletan erreserba dutenek sartu ahal izango dute.

Hori guztia dela eta, Udalak gomendatzen die ibilgailu partikularrean etorri nahi dutenei, hiriko hainbat lekutan zein Hernani, Orio, Usurbil edo Lasarte-Orian kokatzen diren disuasio aparkalekutan kontxea uzteko eta, ondoren, bertan, garraio publikoa erabiltzeko hirira joateko. Hirira nola iritsi ikusteko informazioa edo www.donostiatransport.eus aplikazioan.

Aparkalekuak

Saguesen “Village du Top14” jarriko da, hortaz, Jose Miguel Barandiaren kaleko sarbidea itxi egingo da. Bakarrik sartu ahal izango dira zamalanak egin behar dituzten ibilgailuak zein garajeren batetara edo hotelera doazenak. Halaber, ezingo da aparkatu eremu osoan. Beraz, 2-1 eta 2-2 sektoreetako (Sagues, Rodil, Manteo eta Gros) egoiliar-txartela duten ibilgailuek hiriko gainerako aparkaleku arautuetan doan aparkatu ahal izango dute.

Era berean, antolakuntzaren beharrak direla-eta, Anoeta, Illunbe eta Miramon pasealekuak ibilgailuz hustuko dira ekainaren 8an ostegunean. Hori dela-eta, 1-1 (Parte Zaharra), 1-2 (Erdialdea), 5-1 (Amara Berri) eta 5-2 (Loiolako Erriberak) sektoreetako egoiliar-txartela duten ibilgailuek hiriko gainerako aparkaleku arautuetan doan aparkatu ahal izango dute. Bi kasuetan neurria indarrean egongo da ekainaren 12a astelehena arte barne.

Udalak gogorarazi nahi du, gainera, B / R eremuetan bakarrik egoiliarrek aparkatu dezaketela.

Dbus

Bestalde, Dbusek zerbitzu bereziak emango ditu ostiralean, hilaren 9an, eta larunbatean, hilaren 10ean, partidak ikustera joateko.

Ostiralean, 15:00etatik aurrera, eta partidaren hasiera arte, hau da, 21:00ak arte, Bulebarretik Anoetarainoko zerbitzuak indartuko dira, eta 10 minutuero zerbitzua emango da 7-Amara-Anoeta eta 28-Amara-Ospitaleak lineekin eta Grosetik 17-Gros-Amara-Miramon lineetan.

Larunbatean, 11:00etatik aurrera, eta partidaren hasiera arte, hau da, 17:00ak arte, Bulebarretik Anoetarainoko zerbitzuak indartuko dira, eta 10-15 minutuero zerbitzua emango da 7-Amara-Anoeta eta 28-Amara-Ospitaleak lineekin eta Grosetik 17-Gros-Amara-Miramon lineetan.

Bi egunetan, behin partida amaituta zerbitzuak egongo dira Erdialdera eta Grosera itzultzeko.

Halaber, ostiralean eta larunbatean gaueko zerbitzuen ordutegia ordubetez handituko da: ostiralean azkeneko irteerak 4:00etan izango dira, eta larunbatean, berriz, 5:00etan, linea bakoitzaren irteera arrunten arabera.

Dbusetik gogorarazten dute, autobusa hainbat modutan ordaindu daitekeela: esku dirutan, kontakturik gabeko banku-txartelarekin (Visa, American Express, Mastercard), Mugi, Bat eta Barik txartelekin edo San Sebastian Card eta Basque Card txartel turistikoekin

Bidaia arruntak 1,85€ balio ditu eta gaueko zerbitzuen (gautxoriak) prezioa 2,50€ da.

Ekialdebus eta Lurraldebus-eko lineetan aldaketak egongo dira.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/06/07-an argitaratua